Albisteak

Lehiaketen emaria

Osteguna, 2021-02-11

Azken asteotan, ezagutzera eman dituzte hiru lehiaketaren irabazleak: Tene Mujika beka eskuratu dute Jon Abrilek eta Estitxu Fernandez/Erika Lagoma bikoteak; Garazi Ugaldek, berriz, Jokin Zaitegi lehiaketa irabazi du, eta Eneko Barberenak, azkenik, Ilbeltza beka. (Irudian: Louise Glück, iazko Nobel sariduna).

Emakumeen lanbideak eta amen lanak aztergai

Aurten, sari bikoitza banatu dute Tene Mujika bekan. Elkar argitaletxeak eta Debako udalak antolatzen dute lehiaketa, historia hurbilari buruzko proiektuak sustatzeko asmoz. Alde batetik, Jon Abrilek emakumeen lanbideak ikertuko ditu; bestetik, amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-sorta bat gauzatuko dute Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek elkarlanean.

Edizio honetan proiektu ugari eta maila handikoak aurkeztu direla adierazi du Elkar argitaletxeak; hala, epaimahaikideek erabaki dute bi proiektu saritzea, «ex-aequo». Debako Udalak, bestalde, saria bitan zatitu ordez saria bikoiztea erabaki du, beraz, proiektu bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu. Dena ondo bidean, 2022an argitaratuko dira bi liburuak.

Iaz, Eneko Aizpuruaren eta Jon Alonsoren lanak argitaratu ziren: lehenak, Bidasoan gora idatzi du, Bidasoa ibaian historia hurbilean izandako gertaeren kronika bat; bigarrenak, berriz, Naparraren desagerketari buruzko ikerketa bat osatu du: Naparra kasu irekia.

Bestalde, Iñigo Lopez Simonek eskuratu zuen iazko beka, «1950eko hamarkadatik aurrera Bilboko hainbat tokitan eraiki ziren etxola-auzoei buruzko proiektu batekin». Dena ondo bidean, aurten argitaratuko da liburua.

 


Louise Glücken poemak, euskarara

Halaber, orain dela gutxi jakinarazi dute nork irabazi duen Jokin Zaitegi beka. Elkar argitaletxeak adierazi duenez, Garazi Ugalde Pikabeak itzuliko du Louise Glück 2020ko Nobel saridunaren The Wild Iris poema-liburua. Elkarrek eta AED elkartean antolatzen dute Jokin Zaitegi saria urtero, literatura arloko Nobel saridunen lanak euskarara ekartzeko xedez. 2021aren amaieran izango dugu esku artean itzulpena.

Garazi Ugaldek bidetxo bat egin du jada itzultzaile gisa; berriki, May Ayim poetaren antologia bat argitaratu du MPK bilduman, eta, lehenago ere, Angela Davisen Askatasuna, etengabeko borroka bat (Katakrak, 2016) saiakera-bilduma euskaratu zuen Amaia Apalauzarekin eta Iñigo Roquerekin batera. Bestalde, itzultzaile ez ezik, poeta ere bada Ugalde: bi aldiz eskuratu du Pasaia Hiria-Xabier Portugal saria, eta hala kaleratu ditu bi olerki-bilduma: Korapiloak lokarrietan (2014) eta Morfologiak (2016), biak ere Bermingham etxearen eskutik. Hemen irakur dezakezue Ugalderi bigarren liburuaren harira egin genion elkarrizketa, eta, hemen, berriz, haren bi poema.

Jokin Zaitegi bekari esker, bi itzulpen eder jaso genituen pasa den urtean. Batetik, Olga Tockarzuk-en eleberri bat itzuli dute Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczek-ek: Erabili goldea hilen hezurren gainean. Joxe Mari Berasategik, ostera, Peter Handkeren nobela bat euskaratu du: Atezainaren larria penalti-jaurtiketan.


 

 Beste ekarpen bat literatura beltzari

Ilbeltza bekari dagokionez –Txalaparta argitaletxeak, (H)ilbeltza elkarteak eta Baztango udalak antolatzen dute, literatura beltza sustatzeko asmoz– orain hiru aste jakinarazi guten Eneko Barberenak eskuratu duela aurtengoa. Hona hemen gaiaren harira argitaratu genuen albistea.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)