Szenatokiko berbak
Igandea, 2015-12-06Durangoko Azokan Ahotseneak indarra hartu eta gune espezializatu berriak sortzearekin batera ezagutu genuen Szenatokia, arte eszenikoei leku egiten dien gunea. Bertako antolakuntza lanetan jarduten dira, Azokako lantaldeaz gain, EHAZE eta San Agustin antzokia bezalako eragileak. (Argazkian Tripak kolektiboaren "Sei ispilu" pieza).

Antzerkia ez da nobedadeen zerrendetan, argitaletxeen prebisioetan, idazleen ibilbide orrietan sartzen den genero bat. Baina antzerkia idatzi idatzi egiten da, asko, oholtzara begira batez ere. Egun antzerkiak ez du liburua xede, bai ordea oholtza, horregatik idazten dena sarri ez da argitaragarri ere. Eta hala denean, hala denerako, euskarazko argitalpengintzan ez dago bidea eginik, urrun dago antzerkia irakurlearenganako harremanetik.
Ahaleginak egin gin diren arren, (Artezblai, Argitaletxea EDO!...) azken urteetan inoiz baino ahulago dago euskarazko antzerkiaren argitaratzea. Aurten, guk dakigula, ez da egon antzerki nobedaderik. Artezblai argitaletxeak azkenaldian ez du kaleratu euskarazko alerik, iaz autoedizioaren bidetik ezagutu genuen nobedade nagusietako bat (Pankreas), esanguratsuena ere badena. Interneten eskaini digu Cafe Bar Bilbao sariak aurtengo testu bat: Idoia Garces Aldazabalen Buruaz norbere egin.
Datorren urteari begia Argitaletxea EDO!k hiru obra argitaratzea aurreikusia dauka: Mairu antzerki taldeko Gaizka Sarasolaren hiru testu, hain zuzen ere.
Edozein modutan, aurten ere EHAZEk stand bat edukiko du beste urte batzuetan argitaratutako antzerkiko liburuz josia, eta esan bezala, antzerkia idatzi idazten da, Szenatokian ikusi ahalko dugunez.
Szenatokiko egitaraua
Urtez urte forma hartzen joan den proiektua da antzerki maratoia, Szenatokian. Bertan egun batez haien lan berrien laginak eskaintzen dituzte hainbat taldek, pieza modura, erakusleiho gisa. Aurtengo eskaintza anitza izango da: belaunaldien aldetik, dramaturgia moduen aldetik.
Abenduaren 6an talde hauek eskainiko dute 15 bat minutuko lagina. Aipatzekoa da, tartean badirela esperientzia handiko aktoreak (Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren “Putunen guardasola”), azken urteetan bidea egiten hasitako taldeak (Atea teatroaren “Ekoetikopatetikobikoa” eta Ze Onda Teatroaren “Itsasoari negar”) eta berriki proposamen ausartekin sortutako belaunaldi berrien lanak (Tripak kolektiboaren “Sei ispilu” eta Amaia Irazabalen “Eltxoak”). Lengoia eszenikoen aniztsuna bermatua dago beraz (Ikus aurrekoan aipatutakoekin Zirika Zirkus “Tren geltokia”, Taupada antzerki taldearen “Bohemioen kluba”, edo bertsolaritzatik abiaturiko “Bertsolaritzaren sekretuak, isilduriko emakumeen historia”).
HEMEN topatuko duzue egitaraua xehetasun guztiekin.
Eskutitzak antzezlana, Izar films eta Itzel teatroaren eskutik
Berriki Azpaitiako Antzerki Jardunaldietan estreinatu da antzezlana.
Eskutitzak dira:
Antzezleak: Aitor Fernandino, Itziar Elias, Olatz Beobide, Josean Bengoetxea, Aiora Sedano, Iosu Florentino.
Zuzendaria: Izazkun Arandia
Arropak: Xanti Alkorta
Sortzaileak: Izazkun Arandia eta Itziar Elias
Sinopsia: Azkoitia,1936ko uztaila. Denbora gutxira azkoitiarren bizitza guztiz aldatuko duen Gerra Zibila lehertuko da. Testuinguru honetan kokatzen da Joxe eta Emilia gazteen arteko amodiozko istorioa. Emilia herriko alpargata fabrikaren jabearen alaba da, familia frankista aberatsekoa. Joxe berriz, Azpeitiako postari errepublikar sutsuaren semea da eta alpargata fabrikan lan egiten du. Lehenengo topo egitetik itxuragabe maitemintzen dira, baina bi familiez gain, maitasun hau oztopatuko duten hainbat eragozpeni aurre egin beharko diote.
Azokako azken egunean, abenduaren 8an, “Zirku anabasa” izeneko ekitaldia antolatu dute: “Euskal Herriko zenbait bazterretatik etorritako artistek beren lanaren lagin bana eskainiko digute: Shakti Olaizola kontorsionista Gipuzkoatik, Cie Mes Tissages Aériens lapurtarrak beren oihal aereoarekin, Ortzi Acosta arabarra paraleloetan, Bizkaitik Debote Enbote malabarista eta Nafarroatik Zirika Zirkus akrobatak. Aurzkezle lanean ere, nafar bat izango dugu, Pantxika Lamur, hain zuzen ere”.