Txokolategia argitaratu du Yolanda Arrietak
Osteguna, 2020-11-05Txokolategia izeneko eleberria argitaratu du Yolanda Arrietak, Denonartean etxearen eskutik. Eleberri fantastiko bat da, eta Ataria aurreko eleberriaren adartzat har liteke.

Zergatik ez da ageri txokolate-maistrarik Historian? Galdera horri tiraka, Txokolategia izeneko nobela sortu du Yolanda Arrietak. Jarraian bildu ditugu liburuari buruzko xehetasun batzuk.
Sinopsia
«Donak eta Lilik hirugarren belaunaldia osatzen zuten eta, adin txikikoak izanik, oraindik ez ziren txokolategiaren jabe-jabeak, baina gurasoek erretiroa hartu orduko bilakatuko ziren saltegi gozoaren ugazabandre (amona bezalaxe). Ez, ordea, txokolate-maisu (aitonaren modura), hemeretzigarren mende bukaeran soilik gizonezkoek eskura zezaketelako izendapen hori, bai Gipuzkoan bai mundu osoan.
Egun hartan, ordea, goitik behera aldatu zen protokoloa. Lilik hamalau urte zeuzkan eta ahizpak bat gehiago, hamabost. Donak oso gogoan dauka dena, nahiz eta, berez, ehunka urte igaro den. Beno, ehunka urte edota beste guztia...»
Garaia eta tokia
Testuinguruari dagokionez, Euskal Herrian kokaturiko alegiazko hiri batean gertatzen da, kostaldetik gertu dagoen ibaiertzean, Ibaiondo bailaran, hots, hasieran errota, ondoren burdinola eta azkenik txokolategi bihurtu den etxean. Etxearen izena Ibaigane zen: orain, Txokolategia. Ametsetako lekuak ere badaude: Amazoniako oihana, kortsarioen itsasontzia, Caracaseko portua XVIII. mendean, iraganeko Ibaigane, etorkizuneko Txokolãtegia... XIX. mendetik hasita, zeharka agertuko dira XVIII. mendearen amaiera eta XIX. mendearen erdialdea. Bukaeran, ordea, irakurleak orainarekin egingo du topo: 2020 urtearekin.
Eleberriaren ardatzak
Arrietaren esanetan, eleberrian zenbait ardatz uztartu ditu. Batetik, kontuan hartu du ikuspegi historikoa, eta zein izan den kakaoaren bidea Euskal Herrian, ekonomia eta komertzioaren iturri izan den aldetik. Arrietaren literaturan ohikoak diren beste alderdi batzuk ere topatuko ditu irakurleak hemen, hala nola mitologia eta emakumeen ikuspegia. Fantasiak ere badu tokirik liburuan, izan ere, autorearen hitzetan, «Bizitzea egokitu zaigun sasoiaz gain beste sasoi batean bizi izateko aukera ematen digu denboran bidaiatzeak. Garenaz gain, beste norbait izateko aukera». Bere aurreko eleberrian ere jorratu zuen fantasiaren bidea; Ataria (Denonartean, 2019) izeneko nobela horretan distopia baten utopia marrazten zen.
Amu gisa...
Amur gisa, hementxe daukazue liburuaren booktrailerra.