Albisteak

Udazkenean loratuko da

Osteguna, 2020-09-24

Konfinamenduak erdi-erditik moztu zuen Loraldia jaialdia; antolatzaileek, ordea, ez zuten etsi, eta udazkenarekin batera, hainbat ekitaldi berreskuratuko dituzte, irailaren 26tik urriaren 22ra bitartean. Literaturarekin lotutakoak bildu ditugu albiste honetan.

Konfinamenduak erdi-erditik moztu zuen Loraldia jaialdia. Martxoaren 10ean hasi zen, baina, berehala, bertan behera geratu ziren ekitaldi gehienak, osasun-larrialdiaren ondorioz. Antolatzaileek ez zuten etsi, eta udazkenarekin batera, hainbat ekitaldi berreskuratuko dituzte, irailaren 26tik urriaren 22ra bitartean. Literaturarekin lotutakoak bildu ditugu albiste honetan.


 

HÖGEITAVAT Mendeko Emanaldi Poetikoa

Irailaren 26an, 20etan, Bilboko Itsas Museoan

Iñigo Astiz idazlearen Analfabetoa liburua ixten duen testua oinarri hartuta, mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei eskainitako poema irakurketa eszenikoa prestatu dute Astizek berak eta Mikel Ayerbek: Högeitavat. Nahasian doaz alor intimoa eta soziala irakurketan. Poesia da saioaren muina, baina egileek soineko eszenikoa jantzi diote proposamenari, eta antzerkia, hitza eta performancea batu dituzte horretarako.


 

Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea

Irailaren 30ean, 19etan, Bilboko Itsas Museoan

Astebetean panderoa ikasteko metodoa eta DVDa eskaintzen du liburu honek, baina, horrez gain, Leturiak bere bi panderorekin izandako elkarrizketa, non bere ibilerak kontatzen dituen, trikitilarien munduko ohiturak eta bitxikeriak azalduz, abentura xelebre eta pasadizo mundialekin batera.

Aurkezpen hau ELKARREN eskutik antolatzen da. Elkar Dendatik Itsasmuseumera eramango dugu aforo gehiago eskuratzeko.


 

Manipulazio-estrategiak

Urriaren 4an, 12:30etan, Guggenheim museoan

Pentsamendua, poesia eta doinua batzen dituen egitasmoa aurkeztuko du Pettik, goi-mailako musikariz inguratuta. Hain zuzen, hedabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen Noam Chomskyk pentsalariak. Hamar estrategia destilatu, eta poesia bihurtu ditu Harkaitz Canok. Eta kanta ez, gezi bilakatu ditu Pettik bere ahotsaren eta musika-senaren bidez. Hala, gaurkotasun beteko auzi baten ituan jotzen du, mezu zorrotz eta argigarriz. Manipulazioari aurre egiteko kultura-artefaktua. Guggenheim Bilbao Museoko Toparte programarekin elkarlanean antolatu da.

Parte-hartzaileak: Harkaitz Cano eta Petti & Banda (Juantxo Zeberio eta Et incarnatus orkestrako kideak)


 

Mikel Soto: Suak pizten direnean liburuaren aurkezpena

Urriaren 7an, 19:30etan, Bilboko Itsas Museoan

Mikel Sotok lehen poesia liburua plazaratu du. Liburuaren aurkezpena errizitaldi baten bidez izango da. Bertan egileaz gain, Irati Jimenez, Ane Zabala, Galder Perez eta Edorta Jimenez arituko dira.

Poemario ausart, zintzo eta emankorra, bere bizialdiko hainbat mugarri jorratzen dituena: kontzientzia politikoa piztea, gazte mugimenduan engaiatzea, poliziaren kontrako borroka, gezurretan oinarrituriko atxiloketa, tortura eta epaiketa…

Parte-hartzaileak: Irati Jimenez, Ane Zabala, Galder Perez eta Edorta Jimenez.

Elkar argitaletxearen eskutik antolatutako poesia errezitaldia.


 

Hariak

Urriaren 10ean, 19:30etan, Bilboko Itsas Museoan

Yoseba Peña idazlearen nobela batetik abiatuta sortu da sentikaria eta emakumea, memoria zein isiltasuna dira bere osagarri nagusiak. Lau emakumeren bizitza-pasarteak hartzen ditu kontagai bertso, testu literario, kanta eta audiobisualen bidez. Gainera, emanaldi honetan beste emakume berezi baten oroitzapena erreskatatuko da, Maria Teresa Verdes, Emakume Abertzale Batzan parte hartu zuen militantea. Azken laurogei urteetan, garaiko moldeak puskatu eta gainditu zituzten hainbat emakumeren bizitzek eta haien porrotak, denboraren poderioz, garaipen bihurtu dira.

Parte-hartzaileak: Rafa Rueda, Iraia Elias, Nahikari Gabilondo eta Yoseba Peña.

Hona hemen Goiatz Labandibar kolaboratzaileak Peñari egin zion elkarrizketa.


 

Zaharkitze programatua

Urriaren 11n, 12:30etan, Guggenheim Museoan

Garbiñe Ubeda idazleak etorkizunari buruzko testu libre bat idatzi du Loraldiak eskatuta. “Zaharkitze programatua” eman dio izen. Testuaren irakurraldiari Don Inorrez taldeak (Imanol Ubeda, ahotsa eta gitarra, Karlos Aranzegi, bateria, Lutxo Neira, baxua eta Ruben Caballero, gitarra) soinu banda jarriko dio. Eta bi bertsolarik, Maddalen Arzallusek eta Onintza Enbeitak, inprobisatuko dute testuaren gainean, eta Amaia Agirreren gaiei jarraikiz. Geroari begira Loraldiak antolatzen duen seigarren hitzordua. Klasiko bihurtu da. Festibalari amaiera emateko lorerik ederrenetako bat.

Guggenheim Bilbao Museoko Toparte programarekin elkarlanean antolatu da.


 

Nola gorde errautsa kolkoan eztula egin gabe

Urriaren 14an, 19:30etan, Bidebarrieta liburutegian

Miren Agur Meabek poema berriak plazaratuko ditu. Zain geunden poemazaleok, hamar urte igaro baitira uzta berria jasotzeko. 2000. urtean Azalaren Kodea poema liburuak ikusi zuen argia; 2010ean, berriz, Bitsa eskuetan lanak; 2020an, beste urrats bat.

Egilearen ohiko gaiak azalduko zaizkigu: oroitzapenen gaurkotzea, nortasunaren berrespena, indarkeriazko ekintzekiko ardura edota hitz poetikoaren balioa eta eginkizuna. Asmo horretan, besteak beste, zenbait emakume esanguratsu izango ditu solaskide, hala nola Mary Shelley, Marguerite Yourcenar, Ellen Ripley tenientea, Wendy, Mahatsaren Andre Maria edota Brontë ahizpak. Guztion artean, katalogo bat osatzen dute bakardadeari eta norberaren ahalduntzeari buruzko gogoeta egiteko.

Ikuskizun poetiko honen soinu bandari dagokionez, Amorante gonbidatu du. Ezohiko soinuen bila dabilena. Hori gutxi balitz, Aitor Gametxoren ikus-entzunezko sormenak ilustratuko du giroa. Eneritz Artetxe teatrogileak ikuskizuna harilkatzeko ardura hartu du. Hiru sortzaile handi Miren Agur Meaberen poesia indartsu bezain hunkiberari oihartzun egiteko.


 

Dylan dosia. Bob Dylan gogoan

Urriaren 16an, 19:30etan, Bidebarrieta liburutegian

Bob Dylan artista eta literaturgilerik bikainenetakoaren omenez antolatutako ikuskizuna da. Bertan Minesotako kantautorearen zenbait kantu hilezkorren letrak euskaraz entzun ahal izango dira: Blowin’ in the Wind, Masters of War, A Hard Rain’s A-Gonna Fall, Desolation Row, Hurricane, Dignity…

Iker Diaz Letamendi aktoreak (itzulpengintzaz ere arduratu da) errezitatu egiten ditu, Adolfo García perkusionistak pultsu literarioari eusten dion bitartean. Hauekin batera, Carlos Fregtman musikariaren atmosfera musikal ezberdinek, esperientzia are zirraragarriago batean murgilduko gaituzte.


 

Muga, Anfetamiña

Urriaren 22ean, 20:30etan, Euskararen Etxean

Muga proiektua Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da. Berez, disziplina anitzeko ikuskizuna da. Poesia, musika eta ikus-entzunezkoak batzen dituen ekinaldi artistikoa, hain zuzen. Anfentamiña izan zen Xabier Montoiaren lehen poema liburua eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings, Uler 600 edo 6nemen9 banden partaidea) kanta bihurtu. Horrez gain, proiektua burutzeko Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista…), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas…) eta Itziar Beristain (taldearen ahotsa) batu ditu.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilaria izan da proiekzioen irudien egilea. Rock meloria berriak, ia berrogei urte dituzten poementzat. Hemen historia David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasten da.

Euskararen Etxeak plazaratu duen Hi(zki)bridoak programarekin elkarlanean antolatu da.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)