Albisteak

Urrezko Biblioteka handitzen doa

Astelehena, 2016-10-03

Literatura Unibertsala bilduman plazaratuak izan ziren liburu asko deskatalogatuak zeuden. Urrezko Bibliotekaren funtzioa hori da: klasiko haiek berreskuratzera. Dagoeneko 15 dira berrargitaratu diren liburuak. Azkenak, hauexek: Giorgio Bassaniren liburu arrakastatsuena, Finzi-Continitarren lorategia (Koldo Bigurik itzulia). Eta Laurence Sterne-ren eleberri jostaria, Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar (Josu Barambonesek euskaratua).


Finzi-Continitarren lorategia

finzi-continitarren-lorategia

Finzi-Continitarrek, Ferrarako juduen arteko familia aberatsenak, halako lilura bat sortzen diote nobelako protagonista eta narratzaile gazteari: ez bakarrik haien etxe erraldoiagatik, bizimodu isolatuagatik, kultura zabalagatik, jarrera aristokratikoagatik; horrez gain, lagun egin nahi lituzke familiako seme-alabak: adinkide duen Alberto eta, batez ere, haren arreba Micòl, eder bezain urruna.

Mussolinik, Hitlerrengana hubiltzeko, Italiako juduen kontra ezarritako lege arrazialek sortuko dute ustekabeko aukera: hiriko tenis elkartean jokatzea debekatua dutela-eta, beren lorategiko tenis-zelaira gonbidatzen dituzte Finzi-Continitarrek komunitateko kideak. Kontalaria eta Micòl adiskide min bihurtuko dira, amodio mindu eta mingarri bat ere sortuko da bietako batengan, baina lotsak, diferentzia sozialak ala patu historikoak ezinezkoa egingo dute harremana.

“Dotorezia eta sentiberatasuna darizkion eleberri miresgarria dugu hau, betiko joandako garai baten malenkoniaz eta historiaren krudelak suntsitutako lagunenganako elegia-doinuz idatzia”, Elkarren promozio orrian irakurri dugunez.


Koldo Bigurik itzulia

Koldo Bigurik 1997an itzuli eta urte berean plazaratu zuen liburu hau Literatura Unibertsala bilduman, Ibaizabal argitaletxearen bitartez. 19 urteren buruan, Elkarrek Urrezko Biblioteka sailean berrargitaratu du.

Senez aldizkariaren zuzendaria da Biguri, eta EIZIEren lehendakari izan zen garai batean. Gaur egun irakaslea da EHUko Letren Fakultatean. Autore ugari itzuli du, batez ere italieratik: Carlo Collodi, Paolo Giordano, Norberto Bobbio, Vasco Pratolini, Alessandro Baricco, Carlo Levi, Benedetto Croce, Giuseppe Tomasi de Lampedusa, Claudio Magris, Alberto Moravia, Cesare Pavese, Leonardo Sciascia, besteak beste.


Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar

bidaia-sentimentala-frantzia-eta-italian-zehar

Garaiko eleberriaren legeak hankaz gora jarri zituen bezala, esan liteke bidaietako literatura eta bidaiariaren sentimendua bera ere behin betiko irauli zituela Laurence Sternek liburu honekin: ordura arte, katedralak, monumentuak eta enparauak ziren han eta hemen ikusi beharrekoak; hemen, berriz, aipatu ere ez dira egiten halakoak: Frantzian barrena firin-faran dabil Yorick bidaiari eta narratzailea, bidean topatzen dituen gizon (eta batez ere emakume) bereziek pizten diotela gogoa eta bideratzen zangoa; plan bat egiten du eta berehala aldatzen; ekintza bat hasten du baina ez amaitzen; beti alai hala ere, zirikatzaile eta umoretsu bezain eskuzabal eta bihozbera.


Josu Barambonesek itzulitako lehen liburua

Bidaiari sentimentala bezain alderrai dabil haren gogoa, batetik bestera, eta izaera libre eta araugabe horren parekoa du idazkera ere: jostari, berbalapiko, sigi-sagatsua.

Josu Barambones (Gasteiz, 1963) Itzulpen eta Literatura ikasketetan doktorea da. EHUko Letren Fakultatean Itzulpengintza eskolak ematen ditu. Hauxe du itzulitako liburu bakarra.


Urrezko Biblioteka, Literatura Unibertsala bildumaren oinordekoa

Literatura Unibertsala bilduman plazaratuak izan ziren liburu asko deskatalogatuak zeuden. Merkatutik kanpo zeudenez, eskuraezinak ziren. Honen aurrean, EIZIEk "obra horiek paperezko liburu forman berreskuratzeko plangintza diseinatu zuen". Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin duen lankidetza-hitzarmenaren bitartez, Urrezko Biblioteka izeneko bilduma osatzeari ekin zion EIZIEk. Elkar argitaletxeari esleitu zitzaion argitaratzeko lana, lehiaketa publiko bidez, eta dagoeneko 15 dira plazaratuak izan diren itzulpenak.

prentsaurreko2

Aurreko astean aurkeztu zituzten bi itzulpenak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)