Zabalik dago Biko Teka tailerrean izena emateko epea
Asteazkena, 2020-11-11Aurten, bosgarrenez antolatu dute Iruñeko Udalak eta Galtzagorri elkarteak Biko Teka izeneko sormen tailerra. Idazle eta ilustratzaileei zuzenduta dago, eta, parte hartu nahi baduzu, abenduaren 4ra arte eman dezakezu izena. Jarraian bildu ditugu deialdiaren xehetasun guztiak.

ZER DA BIKO TEKA?
BIKO TEKA tailerraren xede nagusia euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Horregatik, tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du.
NORK IRAKATSIKO DU?
Harkaitz Cano idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea jardungo dira irakasle-lanetan, eta, aurten, gainera, bi gonbidatu ekarriko dituzte: Dani Martirena eta Ana Ibáñez, zeinak autoekoizpenari buruzko informazioa emango baitute.
NORENTZAT DA?
Gehienez irudigile eta idazle banak osatutako 8 bikotek parte hartuko dute.
Hauek dira parte hartzeko baldintza orokorrak:
- Idazle eta ilustratzaileek parte hartu dezakete, bakarka zein binaka. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko zaie, posible den heinean.
- Parte-hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar eta aurkezten diren hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.
- Parte-hartzaileek euskaraz jakin behar dute.
- Galtzagorri elkarteko bazkide izatea baloratuko da.
Tailer honetako formazioa jasotzeko beka bana eskainiko zaie epai-mahaiak aukeratzen dituen 16 lagunei (8 bikoteei).
NON ETA NOIZ EGINGO DA?
Iruñeko Kondestable Jauregian, 2021eko urtarrilaren 25etik 29ra arte.
Urtarrilaren 25etik 28ra, egun osoz:
Goizeko 9:00etatik 14:00etara (ordu erdiko atsedenarekin).
Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.
Azken saioa, urtarrilaren 29koa, goizez: 9:00etatik 14:00etara.
NOLA, NON ETA NOIZ EMAN BEHAR DA IZENA?
- Ilustratzaile bakoitzak bere 3 ilustrazio bidali beharko ditu: argitaratuak edo ez, bere ustetan bere lana hobekien jaso edo biltzen duten 3 irudiak.
- Idazle bakoitzak testu labur bat bidali beharko du: argitaratua edo ez, bere ustetan bere lana hobekien islatzen duen idazlana. Gehienez ere orrialde bateko luzera izan behar du.
- Bikotean aurkezten direnek bere proiektuaren zirriborro bat bidali beharko dute.
- Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko dute: curriculuma, NANaren kopia bat, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia.
-Hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.
Dokumentazioa e-mail bidez bidali beharko dute helbide honetara: galtzagorri@galtzagorri.eus. Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2020ko abenduaren 4a.