Zazpi senideko antzezlana ikusteko azken aukerak
Asteartea, 2019-06-042018ko martxoan estreinatu zuten Zazpi senideko antzezlana Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Axut! konpainiek. 2019ko ekainarekin batera, azken emanaldiak eskainiko dituzte.

2018ko martxoan estreinatu zen Zazpi senideko antzezlana. 2019ko ekainarekin batera, azken emanaldiak iragarri dituzte. Joan den igandean Hazparnen eskaini zuten, eta hil honetan beste hiru tokitan eskainiko dute.
Axut!
Hiru konpainiak osatu dute Zazpi Senideko antzezlana, elkarlanean: Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Axut! konpainiek. Lehen biak ezagunak ditu euskal antzerkizaleak, baina Axut! konpainia berria(goa) da. Manex eta Ximun Fuchs anaiek sortu dute. Hain justu ere, haiek biak dira Zazpi senidekoobrak aktoreak.
Helburu argi batekin osatu zuten Fuchstarrek beren taldea: “Axut! euskarazko antzerkiaren garatzeko xedearekin sortu zen. Anbiziozko lurralde baten saretzea, eskema ekonomiko eraginkor bat sustatzea, euskarazko artearen presentziaren jarraikortasuna eta euskararen aldeko diskriminazio positibo politika bat martxan jartzea dugu helburu. Lurraldeko kultur tresna nagusi bilakatzeko asmoz”.
Agurra eta esker ona
Azken datak iragartzearekin batera, esker oneko testu bat helarazi dute bi anaiek. Hala dio:
Opariak baizik ez dizkigu eman Zazpi Senideko antzezlanak. Biluzirik, ur handitan sartu ginen. Gureak, gureekin kontatzen. Gure herrian partekatzen. Axut! Eta antzokiak mukuru bete zaizkigu. Gure istoriak ez baditugu guk kontatzen nork egingo du? Beti izango dira gurea kontatzeko prest daudenak, gu baino hobeki ulertu gaituztenak, Europako azken ziminoak bezala ikusten gaituzten horietakoak. Baina ikusi ditugu, neba arrebak, aita alabak, izeba ilobak... eskutik heltzen, musuzapiak partekatzen. Existitzen. Besarkadak jaso ditugu, bihotzeko besarkada estuak. Begiak busti, irriak harro, eta elea libro. Azkenak emango ditugu, biderako. Azkena, ez baita sekula bakarra gure herrian: beti bada azkena, benetako azkena, azkenetan azkena... Lau emanaldi eta etxera. Azkena biderako. Eta kitto. Horrela, etxeko bide bihurgunetsuan, isilean, norberak bere buruari erraiten ahalko dio: Bizi gara, elkarrekin eta xutik. Zauriak zauri, malkoak malko, falta ditugunak sabelean erroturik, azken trago bat hartzekoak gara. Altxa dezagun basoa azken aldi bat, guretzat eta gureentzat. Zain gaude, zuekin, eta zuenekin, azkenetan azkenak hartzeko. Basoak gora!
Azken datak
Zazpi senideko ikusi nahi baduzue, hona hemen azken hiru aukerak:
Ekainak 9: Hondarribia -Itsas Etxeko Auditoriuma 19.00
Ekainak 22: Larrabetzu - Gaztetxea 20.00
Ekainak 29: Zestoa - Kultur aretoa 20.00