Zurrunbilo jaialdia euskal arte eszeniko garaikideen bilgune izango da ekainean
Ostirala, 2017-05-12Gasteizko Baratza aretoak "Zurrunbilo" jaialdia antolatu du ekainaren 1etik 4ra bitarte. Haien helburua euskarazko arte eszeniko garaikideei erakuskeiho bat, topaleku bat eskaintzea da. Egun horietan eskaintzak anitzak izango dira: antzerkia, dantza, musika, errezitaldiak, performanceak... dagoeneko eros daitezke emanaldiotarako sarrerak.

Gasteizko Baratza aretoak arte eszenikoen inguruko dinamika bizia du urte osoan zehar: ikastaroak, laborategia, egonaldiak, programazioa, arte eszenikoei loturiko zikloak, formatu txikiko Atari ekimena... haien guztien baitan arreta berezia eskaintzen diote arte eszenikoen baitako praktika garaikideari, lengoaia berriei eta ahalegin esperimentalei indarrak eskaintzen dizkioten proiektuei.
Horren isla da ekainean burutuko duten Zurrunbilo zikloa. Bertan euskarazko ekoizpen garaikidea izango da protagonista, formatu ezberdinetan: antzerkia, dantza, musika, errezitadiak, performanceak... Hauexe proiektuaren azalpena Baratzako kideen berauen hitzetan:
"Zurrunbilo, Parasite Kolektiboak bultzatu duen Euskal arte eszeniko garaikideen jaialdia da. Euskal antzerkia Gasteizera hurbiltzeko eta horren inguruan publiko bat sortzeko asmoarekin jaio da hala nola arlo honekin hiriko euskal kultura onuratzeko. Jaialdi honek arte eszenikoen baitan dauden arlo ezberdinetaz arduratzea du helburu: musika, antzerkia, dantza, poesia bezalako promosamenei lekua emanez eta horien inguruan bizi den komunitatea indartuz. Proposamenen artean tailerrak, ikuskizunak, performanceak, kontzertuak eta abar. egongo dira.
Euskal Herrian mugitzen dena ikusgai egongo da, proposamen garaikideei arreta berezia jarriz. Baratza Aretoa, Oihaneder Euskararen Etxea eta Arte eszena Tailerra (TAE) kolaboratzaileak izanik jaialdia leku ezberdinetan gertatzen da, hirian dauden espazio ezberdinak arrazoi berdinagatik bateratuz."
Sarrerak dagoeneko salgai
Emanaldien egunetan sarrerak erosteko aukera egongo da: aldez aurretik 6 euro, egunean bertan 8 euro. Hala ere, antolatzaileek zabaldu dutenez bada bonua erosteko aukera ere: 15 eurotan, hemen salgai.
Egitaraua
-BUFOI TAILERRA Eneritz Artetxeren eskutik.
Data: Ekainaren 1etik 2ra.
Lekua: TAE.
Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara.
-ATTE HIL AURRETIK antzezlana, Beheko Larraine taldearen eskutik.
Data: ekainak 1, 19:00.
Lekua: Oihaneder euskararen etxea.
-JADANIK HILDA dantza-antzerkia, Parasite kolektiboaren eskutik.
Data: ekainak 2, 19:00.
Lekua: Baratza aretoa.
-PLASTIKA, Ixiar Rozas eta Mursegoren eskutik.
Data: ekainak 2, 20:30.
Lekua: Baratza aretoa.
-HIROSHIMAKO ZUHAITZA antzezlan laburra, Kabia taldearen eskutik.
Data: ekainak 3, 19:00.
Lekua: Baratza aretoa.
-KARRAMARROA antzezlana, Dxusturi taldearen eskutik.
Data: ekainak 3, 20:30.
Lekua: Baratza aretoa.
-MR SEÑORA teatro-errezitaldia, Metrokoadroka kolektiboaren eskutik.
Data: ekainak 4, 19:00.
Lekua: Baratza aretoa.
-MUSKULO taldearen kontzertua.
Data: ekainak 4, 20:30.
Lekua: Baratza aretoa.