Albisteak

Xabier Mendigurenen “Amodioaren ziega” eszenaratuko du Lauka taldeak

Asteartea, 2014-09-02

Zubi proiektuko laguntza jaso berri du Lauka antzerki talde sortu berriak, eta horri esker Amodioaren ziega antzezlana eszenaratuko du. Xabier Mendiguren Elizegiren Amodioaren ziega Artezblai argitaletxeak plazaratu zuen 2004an, Heroien gaua antzezlanarekin batera.

Euskal Herriko zortzi eragile elkartu eta Zubi izeneko proiektua jarri zuten abian, euskarazko antzerkia bultzatzeko xedez: “Euskal antzerki ikuskizunak hedatzeko eta sustatzeko aukerak gehitzea, sorkuntza fase guztietan, proiektuaren sorretatik hasita proiektua hedatzeko fasera arte”. Zubi proiektua bultzatzen duten eragileak dira Artedrama arte eszenikoen plataforma, Luhusoko Hameka Karrikako Arteen Fabrika, Durangoko San Agustin kulturgunea, Kultur Leioa, Zornotza aretoa, Baxe Nafarroako Herri Antzokiak, Zumaiako Udala eta Elorrioko Arriola aretoa.

Iaz aurkeztu zen Zubi deialdiari esker sortutako lehenengo lana: Eneritz Artetxe aktoreak gidatutako Dxusturi teatroaren Konpota izeneko antzezlana. Konpotak Philippe Gaulier ezagunaren bufoientzako testu bat zuen oinarri, Pablo Ibarluzeak zuzendu zuen eta Antton Lukuk egin zuen jatorrizko testuaren euskarazko egokitzapena. Zubiri esker plazaratu ze proiektua, eta ordutik ugariak izan dira Konpota Euskal Herriko antzoki eta kultur etxeetan ikusteko aukerak.

"Lauka" talde sortu berria

Zubiren bigarren deialdian Lauka antzerki talde sortu berriari eman diote babesa. Lauka Durangaldea eta Zarauzko lau aktorek sortu duten talde berria da, laurak antzerki kontuetan eskarmentudunak: Nazaret Froufre, Urki Muguruza, Joana Ocaña eta Eneko Sagardoy. Antzezlanaren zuzendaritza taldean egingo dute, baina Ander Lipus izango dute zeregin horretan laguntzaile.

Lau aktoreek Artedramak Aulestin antolatu ohi duen ADEL jardunaldietan landu zuten elkarrekin Amodioaren ziega testua, ikastaroetan planteatu zitzaizkien ariketen bitartez. Horren harira sortutako materialekin gustura gelditu, eta proiektu hau gauzatzeko ideia mamitzen hasi ziren. Proiektua Zubira aurkeztera eraman ditu bideak, eta horri esker eszenaratuko dira elkarrekin lehenengo aldiz.

Sinopsia

Xabier Mendigurenen Amodioaren ziegak gaurkotasunezko egoera bat kontatzen du, egoera sozio-politiko konkretu bat. Kartzela bateko “bis a bis” bat hain zuzen. Bikote bat da protagonista (Aitor eta Miren). Bata presoa eta bestea bisitan doakion bikotekidea. Egoeran harrapatuta, ihes egin ezinik, aske izateko eta bizirik sentitzeko eskubideagatik borrokatzen dute. Bien arteko hari hauskorrenak zein indartsuenak begi bistan utziz.

Idazleak kartzelako ziega batean kokatzen ditu pertsonaiak etorkizun zehatzik gabeko amodio istorio hunkigarria azaleratuz.

ZUBIk beste hiru proiektu lagunduko ditu

Lehenengo laguntza Lauka taldeari emango badio ere, Zubiko antolatzaileek azaldu dutenez proiektu gehiago ere lagunduko dituzte.

“Aurreko ZUbiko deialditik baina, saiatu gara molde berri bat topatzen, apur bat haratago joaten, eskura izan ditzakegun baliabideak eskaintzeko. Horregatik, aurten ez dugu proiektu bakarra babestuko, beste hiruri ere (neurri apalago batean) eman nahi diegu bultzadatxoa:

-Metrokoadroka kolektiboak SU IZAN NAHI lana sortu ahal izateko.

-Ze Onda Antzerkiak ITSASOARI NEGAR antzezlanaren sorkuntzarako 2015eko udaberrian egonaldia egiteko aukera.

-Hautsi konpainia ARRAUTZA lanaren sorkuntzan aritu ahal izateko aukera”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)