Sinadurak

Autore berbera

Astelehena, 2018-04-16

Haur liburuaren egun zirtolariaren eta Liburuaren Egun seriosaren arteko bien bitarte honetan, Xuan Bello poeta asturiarrak asmatutako leloa datorkit gogora: «Analfabetoa: irakurtzen jakin arren, irakurtzen ez duena». Hori dela eta, Siadecok Elkar argitaletxearen eskariz egindako inkestan, ez dakit behar bezala kontuan hartua izan den gurean kasik idazle gehiago dagoela irakurle baino, eta akaso itzulipurdikatu beharra dagoela Belloren eslogana: «Analfabetoa: idazten jakin arren, idazten ez duena». Edo, areago agian: «Analfabetoa: irakurtzen eta idazten jakin arren, irakurtzen eta idazten ez duena».

Juan Luis Martinez poeta txiletarrak egilearen halako nortasun lausoa aldarrikatzen zuen, autoretzaren erabateko desagerpena: «autorea irakurtzen duen irakurlea da, behar bezala nabarmendu diren zenbait testu jaso, eta eraginkortasunez zabaltzen dituena; idaztea irakurtzea da, eta irakurtzea idaztea da; funtsean, anonimia auzi baten aurrean gaude». Borges ere antzera mintzatu zen: «Autore guztiak autore berbera dira», eta gaineratu zuen bera ez zela inor bere bibliotekarik gabe.

Nago espiritu bera dariela Mursegori irakurritako hitz hauei: «Gero eta argiago daukat sortzaileok ez dugula sortzen, eraldatu baizik; ez dut sinesten sortzailearen figura mitifikatuan. Erretagoardia banguardia baino erakargarriago, borrokarako leku moduan aldarrikatzen dut, gauza txikietan borroka zaitezke erretagoardian, ez horren modu agerikoan». Danele Sarriugartek ere kolokan ezartzen du singulartasuna: «nobela baten bueltan jende asko egoten da, eta benetan sinesten dut norbait ezinbestekoa dela esaten dudanean, ez dela hitz egiteko modu bat, zeren benetan pertsona batzuk horrela egon ez balira, ez litzateke liburua horrela aterako eta, beraz, ni bezain kruzialak izan direla sentitzen dut».

Siadecok egin lezakeen beste inkesta batean agian sakondu egin daiteke idazle ugaritasunaren arrazoietan. Becketti Irlandari zegokion galdera horixe egin ziotelarik, idazleak erantzun zuen kaka leporaino iristen zaizunean, kantatzea beste aukerarik ez daukazula. Sakondu egin daiteke oraindik dugun artistaren irudi idealizatuan ere, baina horiek, esan bezala, beste inkesta, beste zutabe baterako gaiak dira.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)