Sinadurak

Goiatz Labandibarren iritzi artikulua: "D eredua eta euskal irakurleak"

Astelehena, 2019-10-28

D EREDUA eta EUSKAL IRAKURLEAK

Iratxe Retolazari irakurri nion duela hilabete batzuk Hik Hasirako egindako elkarrizketa batean D eredua nahasi dugula euskal hezkuntzarekin. Hauxe da Retolazak esandakoa:

“Gaur egun, D eredua badagoenez eta euskarazko adarra badagoenez, salbuespenak salbuespen, iruditzen zait nolabait euskalduntzearekin konformatu garela, eta euskalduntzea hizkuntza jakitea dela ulertu dugula. Eta nik argi dut ni ez nintzela euskaldundu hizkuntzagatik bakarrik, euskaldundu nintzela kultur zaletu ere nindutelako, euskal kulturara hurbilarazi nindutelako ikastolan”.

Gotzon Barandiarani ere kezka antzekoa irakurri diot azkenaldira, Euskal Herriko haurrek ez dakitelako nor den Jose Luis Zumeta eta bai pintore alemaniar bat… Berdin esan genezake literaturaz ere: ezagunagoak dira erdaretan idazten duten idazleak euskaraz egiten dutenak baino.

Harritzen nau, adibidez, D ereduan ikasi duten zenbat jendek esaten duen euskaraz irakurtzea “kosta” egiten zaiela. Nahiago dutela gazteleraz irakurri. Kontraesana dirudi, baina azken finean, ez da Retolazak eta Barandiaranek aipatutako horren isla baino.

Euskaraldiaren harira, ahobizi eta belarriprest roletaz ari ginela, lagun batek esan zidan hitzetatik haratago, norberaren kultur kontsumo ohituren inguruan ere pentsatu beharko genukeela, zer eta zein hizkuntzatan kontsumitzen dugun kontziente izan. Bera belarriprest zela zioen, kontziente zelako erdaretan ere plazer handia hartzen zuela beste hizkuntzetan irakurtzen, musika entzuten… Hausnarketa ezinago ederra iruditu zitzaidan, eta erabat identifikatua sentitu nintzen.

Nik irakurri nahi dut gazteleraz, ingelesez eta frantsesez. Eta egiten dut. Baina horrek ez nau eramango euskaraz gutxiago irakurtzera, edo are, euskaraz ez irakurtzera. Proposamen bat euskaldun guztiei -batez ere D ereduan ikasteko zortea izan dugunoi, euskaraz alfabetizatu izan ahal garenak gure aurrekoek egindako lan eskergarengatik-: erdaretan irakurtzen duten liburu bakoitzaren ondoren, beste bat irakurtzea euskaraz gutxienez (nik duela urte mordoxka hartu nuen erabaki kontzientea izan zen hori).

Ez dago euskal literaturarik euskarazko irakurlerik gabe. Joxanton Artze parafraseatuz, “literatura bat ez da galtzen idazleek idazten ez dutelako, baizik eta irakurleek irakurtzen ez dutelako”.

Baina bukatzeko, Retolazari lapurtuko diot Hik Hasin egindako elkarriztea hartako esaldi bat: “Euskaraz hitz egiteko gai nintzen, baina kulturan erabat murgildu arte ez nintzen gai izan %100 euskaldun izateko, ametsak ere euskaraz egiteko”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Erabat ados Iratxe Retolazarekin... hizkuntza batekin maitemintzen zara, hizkuntza horren inguruan dagoen guztiagatik... pertsonak, kulturak, literaturak eta abar....

    2019-10-28 18:32ainara