Sinadurak

Kurri joan

Astelehena, 2018-06-04

Mundu kurri ibiltzea du gustuko, denen gainetik, Jean-Louis Lebris de Kerouacek (1922-1969). Ingalaterran 1860 urteetarik landa bederen famatua den Confessions jostetaz baliatzen da Kerouac Bidaiari bakartia (Lonesome Traveler, McGraw-Hill, New York 1960, El viajero solitario, Losada, Buenos Aires 1965) deitu narrazio labur bildumaren atarian, bere buruaren presentatzeko (oroit, Frantzian Proustek XIX. mende bukaeran test hori berbera du egun batez Antoinette bere lagunaren ingelesezko album batean deskubritzen): «Izena: Jack Kerouac… Hiritartasuna: franko-amerikarra… Sortua: Lowellen, 1922ko martxoaren 12an… Ezkondua: ez!... Umerik: ez… Zereginak eta lan nagusiak: denak. Sukaldari, marinel, kamarero, trenbideetako langile, kotoi biltzaile, Pentagonoan metalurgialari 1942an, oihanetan zaindari 1956an, hargin… Espezialitatea: andrezale… Laburbil ezazu zure liburuaren oinarria: Bidaiari bakartia publikatuak izan ez diren ene bidaia-idazkien bilduma da… Helburua, xinpleki: poesia. Edo nahi bada, deskripzio naturala». Don Alleni 1958an izkiriatzen dion gutun batean zipriztinka agertzen ditu idazteaz dituen ideia nagusiak (Belief and Technique For Modern Prose): «Zure plazer hutsarentzat zirriborroz betetzen dituzun sekretuzko karnetak, eta nolanahika daktilografiatzen dituzun orriak… Denetarako prest egon zaitez, gerta daitekeen guztiari irekia, zelatan… Zure biziaren amorantea izan zaitez… Zure baitan sendi duzunak bere forma propioa kausituko du… Bizkarretik aizka inibizio literarioa, gramatikala, sintaxikoa… Zure begi-ninitik abia lan egiten, hizkuntzaren ozeanoan bainatuz… Jendeak ulertzeko gisan idatz eta zure baitan dituzun irudiak eta itxurak jendeak argiki ikusteko gisan». William Burroughsek gonbitaturik, Brooklyneko portu muturretik hartzen du Kerouacek ontzia 1957an. Europako bidaia handiaren egiteko (Big Trip to Europe, ikus in Lonesome Traveler). Tangerrera buruz doa jugoslaviar ontzia. Otsaileko goiza (A February morning in 1957). Ontzia lehorretik urrundu da arras. Amerika urtu da, desegin emeki emeki. Ura orotan. Bidaian, tenpesta ikaragarria altxatzen itsasoan. «Boorapusha» dela dio gizon gazte errubioak. Kerouacek ez du berehala konprenditzen Itsaso Adriatikoko ipar-haizea dela burapuxa. Aro arras txarra. Itsasoa «azeitunazkoa». Ilargia ere gero azeituna kolorekoa (goizean ere, gosarian, atuna oliba-oliotan eta azeitunak jateko). Uhain ikaragarriak. Lohasman sartzen da Kerouac. Irudi fantastikoak imajinatzen ditu: Jonasen balea… 'Amerikako Bankua irents lezaketen uhinak'. Bere burua ikusten du plaia batetara baleak botata. «Arrain handia»-ren (Joanes Etxeberri Ziburukoak zioen bezala) saihets-hezurrek harrapaturik egon balitz bezala. Jinen dira ere ondotik Ipar Afrikako kostako koloreak. Handik Frantzia. Marseillako portuan hartuko du Aixeraino doan autobusa. Pentsatua du gero errepidetik iraganez Avignonera heltzea. Eta handik Lyonera, Dijonera, Sensera. Azkenik, Parisera. Aix-en-Provencen Cezanneren mamua du kausitzen. Haatik, Cezanne ja bere baitan zaukan. Cezanneren begiekin du oro ikusten Probentzan: «…terrazan jarri nintzen, bi vermouth edan Cezanneren arbolei so nindagon bitartean… teilatuen gorrantza hitsa eta urrungo mendixkak lanoska urdinez inguratuak…».

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)