Liburu baten balioa
Astelehena, 2018-03-19
Sergei M. Eisenstein zuzendari errusiarrari zor zaio muntaia zinematografikoaren teoria, eta hura praktikan jarri izana 1924an aurkeztu zuen ´Greba´ deituriko filmean. Ordura arte zinegileei kostatu egiten zitzaien irudien artean nolabaiteko jarraipen emotibo bat lortzea, gaur hain sinplea zaiguna: irudien bitartez istorio bat kontatu eta jendea emozionatzea.
Bere aurkikuntzen oinarrian irakasle izan zuen Lev Kuleshoven esperimentu bisualak zeuden, garaian ospetsu izan zen muntaia bat, bereziki; Kuleshovek asmatu zuen irudien konbinazioarekin sentimendu ezberdinak sortzeko teknika, baina ez zen ohartu. Eisentein bai.
Kuleshovek aurpegi baten lehen planoa filmatu zuen, ezer berezirik adierazten ez zuena, irudi ezberdinekin nahasteko. Hartara, zopa plater lurruntsu baten ondoren ikus daiteke aurpegi zozoa, emakume hila dagoen hilkutxaren ondoren, eta jolasean ari den ume baten ondoren. Irudiek efektu ezberdina sortzen zuten ikusleengan; aurpegia berbera zen, baina plateraren ostean gosetua zirudien, hilkutxa ikusirik errukitsua, eta umearen aurrean zoriontsua.
Laster barneratu zuen zinemak teknika hau, irudien sintaxi hau, eta geroztik ´Kuleshov efektua´ deitzen zaio. Honela laburtu zuen Hitchcockek elkarrizketa batean: gizon baten aurpegia lehen planoan; hurrengoan familia bat belarretan; ondoren gizona irribarrez. Ondorioa: gizon bihozbera bat. Gizon baten aurpegia lehen planoan; hurrengoan neskatxa bat bikinian; ondoren gizona irribarrez. Ondorioa: gizon likits bat.
Ikuslearen manipulazio bat dago, baina horrek ondorio sakonagoa du: ikusleak osatzen du mezua. Eta liburuekin ere Kuleshov efektuaren gisako zerbait gertatzen da. Irakurle bakoitzak bere bizi-garapenaren arabera ulertzen du liburua, eta hitzen konbinazio berberak emozio ezberdinak eragiten ditu. Idazle guztiek aipatzen dute liburua irakurleek osatzen dutela, haiek sortzen dutela, finean, bakoitzari egokia zaion sintaxi emozional bat. Objektua berbera, irakurketak milaka.
Esango nuke liburu baten balioa idazleak sortzen duela %60an, eta gainontzeko 40a irakurleak ematen diola.