Odola lohian
Astelehena, 2018-04-09
Painuelo gorria, sasigudariek
lepoan korropilaturik zutenaren idurikoa
eta hauts-kutxari hurbil, zola urdinzurian
Bi geranio berezki gorriak
(Pasolini, Gramsciren hautsak)
Bigarren munduko gerla. Casarsa della Delizia, Pier Paolo Pasolinik hain maite duen amaren herria eta amaren etxea bera, tragediak harrapatuak. Kanpoko leihoak hesten ditu, mundua kanpoan utziz. Bizkitartean gerla hor da non nahi present. Etxe barnean, bai eta Carniako gailurretan, Tarvisio lepoko histera doan urdinean, herio zuriak kukutzen dituen Alpeetan (e un candore di morte copre l'Alpi). Tragediak karrasiari utzi dio leku eta isiltasunari (Io non so più parlare). Eta poesiari. Casarsaz friuleraz du izkiriatu. Pasolini friuleraz Casarsa poemaren errezitatzen entzuten delarik suma daiteke haurtzaroko zola-zolatik zaiola heldu hizkuntza : Ciasarsa ta chel luzoùr di estàt ch'a no mòur mai, blanc e sec coma la cialsina, i la jot cà vissina, e jo frut, cu li barghessis e li majs … «Casarsa, nehoiz abian ez den udako argi hartan, gisua bezain zuri eta idor, hemen dakusat hurbil-hurbil, eta ni haurra…» (Poesia a Casarsa, Bolonia 1942). Italieraz gain friulerari ere lekua utziz poesian zabaltzen ari den merkantilismoaren uniformitateari uko egiten dio (la necessità di lottare contro questo nuovo fascismo che è l'accentramento, che è l'accentramento linguistico è culturale del consumismo). Pasolini zinemagilearen lan inpaktanteak ezin dira ahantzi, Mamma Roma, Jondone Mateoren ebangelioa, Salo edo Gomorrako 120 egunak, Canterburyko ipuinak… Ahatik, gutiago ezagutzen da haren poesia paregabea. 1975eko azaroaren 1etik 2ra doan gauean Ostia-ko plaia batean masakratu zuten. Bere heriotza baino urte bat lehenago Corriere de la Sera-n Pasolinik idatzi zuen Italiak jasaten zituen garai hartako atentatuetan CIA, gobernua, mafia, Greziako koronelak inplikatuak zirela (Strategia della tensione). Aitzinatu izan zen sexu eta zirtzilkeria krimena izan zela nahiz hastapenetik pentsatu ekintza politikoa zela, Simona Zecchik Massacro di un Poeta-n (2015) azaltzen duen inkestan bezala.