Sariak eta zauriak
Astelehena, 2018-04-23
Patxi Zubizarretak gaztigatu digu berriki sarien auziaz, Ala Delta saria irabazi zuenean egin zioten elkarrizketa batean: pozgarria dela irabaztea, baina zenbat aldiz gertatu zaion kontrakoa, aurkeztu eta ez irabazi, eta horrek maiz sortu dion nahigabea. Ez dela dena arrosa kolorekoa idazle baten bizitzan, ezta sari bat irabazten duenean ere, gehiagotan geratzen delako irabazi barik. Une bateko loriak ez duela estaltzen bolara txar askoren ikara eta kezka. Hitzez hitz ez bada ere, hori zen bere mezuaren mamia.
Juan Luis Zabala ekarri zidan gogora berehala, hark ere antzeko zerbait esan zuelako Irun Hiria irabazi zuenean: sari askotara aurkeztu zituela ipuin batzuk, eta ezer lortzen ez zuela ikusirik, gero ´Txistu eta biok´ bihurtuko zen nobela bateko testuak idazten hasi zela, nobela asmorik gabe hasieran. Ez bazuen aitortu ere, sumatu nuen haren hitzetan halako etsipen bat, sariek beti daukaten akuilu-efektu horren falta edo. Sariak bi gauza baitira: kalitatearen aitortza, eta dirua, idazlearen bizitza ekonomiko hauskorrean oso garrantzitsua izan litekeena; urtea salbatuko dizu, deskuidatzen bazara, sari batek.
Alabaina, poz edo frustrazio pertsonalaz haratago, aitortza hauek beste gai bat dakarte mahai gainera: idazleen prekarietatea, aspalditik lan munduan modan dagoen hitza, krisia deiturikoak hiztegietako hautsak kendu zizkiona, sindikatuen hiztegiko kasik hitzik nagusiena bilakatzeraino, eta idazleok, inkontzienteki bazen ere, aspalditik nozitzen gatozena, krisia beraren aurretik ere, betidanik, esan liteke.
Eta urteekin zorrozten joan da, gaitzago bihurtzen, gizartearen kontzientziarik gabe, edo erabateko ezjakintasunean, agian, ez dugulako, idazle eta sortzaileok, prekarietatearen ideia hori transmititzen jakin. Eta gaindika, babesleku izan genezakeen erakunde antolaturik gabe, gure kontratatzaileek ia nahi duten guztia egin ahal izan dute, ordainketa barregarriak eskainiz, eskubideak zanpatuz, zuzenean duintasunaren aurkakoak diren proposamenak luzatuz. Baina hau bukatzear dago, eta ez gara gehiago loteriaren zain biziko.