Sinadurak

Zentsuraren itaxurak

Astelehena, 2018-03-12

Niri Jainkoa ez zait interesatzen’, bota zidan behin gaztetxo batek, jakin gabe, seguruenik, Jainkoa izan dela, mendeetan zehar, euskal literatura santujalearen zutabe eta ardatz. Gaztetxoari ez nion otoitz hau berritu: «Casciako Rita santua, zure bitartekaritza behar dut Jainko Aita Ahalguztidunak eskain diezadan nire sorlanak habitatzeko dohaina, gero eta ederragoak izan daitezen; eskain diezadan, halaber, beti, etengabe eta sarri artean gauza berriak deskubritzeko dohaina, unetik unera ederragoak, nahiz eta, gertatzen den bezala, ni beti ez izan duin Edertasun Miresgarria sorteko eta eraikitzeko. Ailedi eder nigandik sortzen den guztia! Amen». Gazteari are gutxiago esan nion eskaria Yves Klein artista banguardistaren exvoto bat dela… Ez, gaztetxo sinesgogorrari ezin beste otoitz hau ere berritu: «Jainko Ahalguztiduna, erruki gaitzazu gaur gauean hegaldatzekoak garenok. Babestu eta zaindu itzazu Zeure zeruaren gauean menturatuko direnak. Zeure hegoen babesean atxiki. Ekar iezaiezu bakea hala arimara nola gorputzara, eta itzul itzazu onik. Emaguzu indarra eta kemena datozen orduotan; emaiezu bere ahaleginak merezi duen saria. Gure Aita benedikatua, ekarri bakea geure mundura. Amen». Gaztetxoari are gutxiago esan nion Hiroshimara hegaldatzear zeuden hegazkinen aurrean Downey kapilauak egindako otoitza zela… Nerabeak ezin ulertu, baina gustura aipatuko nion Xalbadorrek Odolaren mintzoa lanean Jainkoari zuzendutako galdera: «Orai ez dakit, Jauna, Zu edo ni aldatu ote naizen; etzira egun ene gogoan lengo itxuraz agertzen», edo Letek eta Artzek beren mundualdiaren akabera aldera izandako konbertsio kartsua.

Ez, ez naiz izenburuan tronpatu. Ni ere zentsuraren gaiak —Arco, Telleria eta gero, zer? nobelaren ingurukoak, Egunkaria, edota oraindik ere Gasteizen prezintatua duten Eginen delegazioa…— nakar hona, baina oraingo honetan ez politiko edo soziala, geure bizitzaren ikuspegi intimo eta magikoaren inguruko autozentsura nabarmendu nahi nuke, bai baitirudi Jainkoaz hainbeste hitz egin eta gero, hitz egokirik gabe geratu garela. Willigis Jäger-ek La ola es el mar liburuan dioen bezala, Eliza ez da gai izan bere hizkera, estrategia eta egiturak aldatzeko eta gaurkotzeko, eta nago literaturan ere ez ote den antzeko zerbait gertatzen, eta horrexegatik esaten zidala gaztetxo berberak: ‘Mesedez, ez oparitu libururik, bestela gurasoek irakurtzera behartuko naute.’

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)