Sinadurak

Iratxe Ormatza Imatzen narrazioa: "Bideo-kamerek zer ez duten ikusten"

Astelehena, 2018-09-24

Itzulpena amaitu beharko luke Lidek, seme-alaben bila eskolara joan orduko; nekatuegi dago, ordea, azkenaurreko zuzenketari arretaz ekiteko. Garbigailuak lana amaitu duenez (makina bat izatearen onura), atseden moduko bat hartuko du arropa eskegitzeko lan mekanikoarekin. Ezin izan du sakon lo egin gauean. Begiak zabalik izaten ditu maiz, hurrengo egunerokoari zelan heldu larregi pentsatzen duelako. Eta gero, ia gauero, loak hartu eta lauzpabost ordura, itzartu eta buruak behin eta berriz ekartzen dio gogora egunaren barruan zenbat akats egin dituen, esketx amaigabeetan. Zelako akatsak? Batetik, testuekin lotutakoak, ea euskara jatorrean itzuli duen: zuzen, irakurterraza, aberatsa, euskara ezin jatorragoan. Bestetik, jendetasunarekin lotutakoak: bere jendetasunik ezarekin lotutakoak. Ulerkorra eta gozoa izan beharko luke ondokoarekin, esaterako. Jende-modua dago, ostera!

Gaurko esketxa hitz-jario joria duen ama batekin egon da lotuta. Eskolako atarian kontatu dio Areatzako jolas-eremua txikiegia dela, ume gehiegi daudela, erraz galtzen dituela begi-bistatik bikiak, bata ez bada bestea, guraso ere gehiegi daudelako; ama hark nahi izan du Lidek ulertzea zelako bertigoa sentitzen duen bikietako bat (edo biak) ikusten ez duenean. Nekaturik egon da, baina, Lide; are gehiago nekatzen da mezua luzatzen dutenean, esaldiak eta esaldiak josiz, informazio berririk eman gabe, ñabardurarik eskaini gabe, ironiarako edo barrerako tarterik utzi gabe. Amari ez zaio batere gustatu esan dionean agertuko zitzaiola umea negarrez Areatzako jolas-eremuko hirurehun metro karratuetako batean. Gaueko esketxetan, berriz, kontzientzia esan eta esan ibili zaio amaren ezinegona ulertu, gozoa izan, behar zuela, berak ere inoiz igarri duelako Areatzako jolas-eremuan bertan umea ikusi ez eta eztarritik gorako itolarria. Eguneko esketx guztien artean hori nabarmendu zaio, era kaotikoan eta errepikakorrean. Tarteka izan ditu bestelako esketxak: erantzun gabeko WhatsApp mezuak, zekenegi erantzundako posta elektronikoak, gogo barik erantzundako telefono-deiak.

Egun argitan, eta hori buruan, pentsatu du erabaki behar duela kontzientziari jaramon egin edo ez, gauak lo egiteko direla, zeren egunez jendea du inguruan, lagunak eta etxekoak, eta bai edo bai harremanetan egon behar duela ingurukoekin; ezin duela ihes egin. Jendeak nekatzen du Lide, ostera, baita bere buruak ere sarri. Arropa eskegitzen ari den bitartean, gogoratu da fruta erosi behar duela arratsalderako. Zelan egon daiteke ama bat fruta barik etxean? Zeren atzo ere ez zuen erosi. Madariak, behintzat; ez du ulertzen zelan izan ditzaketen hain gustukoak umeek; berak gorroto ditu.

Indiarren (edo pakistandarren) dendara abiatu da (bai, jakin beharko luke honezkero nongoak diren, baina lotsatu egin da, galdetzeko inoiz gogoa piztu zaionean). Lau madari, sei platano, bi kiwi eta hiru sagarrekin, luzaro egon da ilaran: dendariak beti dauka berbetarako gogoa; ondo aukeratzen ditu berbak eta tonua batarekin eta bestearekin. Begi berde distiratsu eta politak ondo baliatzen ditu, gainera. Ordenagailuarekin gogoratu da: testua han izango du zain. Bihotza entzun du, taup, eta ozen kontzientzia: testua zuzentzen egon beharko zuela. Liburu bat hartu, eta kostaldera joango litzateke, ordea: hondartzan ibili, irakurri, lo egin, ardura barik. Dendariak berarekin ere jakin du zer esan; irribarre txiki bat atera dio.

Dendatik irten denean ikusi ditu berriz. Jendea, oro har, arruntegia da; pentsatu du Lidek. Ez dio ardura nongoak diren, baina antzera janzteko eta apaintzeko joera dute guztiek. Eskolan berdin pasatzen zaio ama gehienekin: ama euskaldunen janzteko minimalista, hegoamerikarren ile luze eta askotan errubioz tindatua, afrikarren jantzi distiratsua, magrebtarren arropa gatzgabeak, gaztelaniadunen hippysmoa. Denak, taldeetan. Lidek ez du erarik euren artean desberdintzeko. Berdin gertatzen zaio mutil magrebtarrekin, buru-alboetako hilea labur-labur, fraka eta kamiseta estuak gorputz ezin argalagoetan; helduegia da, beharbada, euren moda, edo koloreak nahasteko modua, bere gustukoa izateko.

Pentsatu du aurreko espaloiko taldean egongo dela pasa den astean eskuko telefonoa lapurtzen ahalegindu zena. Ez zuen lortu. Orain urtebete, bai. Garai hartan, nahiko distraituta ibiltzen zen. Trankil. Auzokoa izanik, ez zutelakoan lapurtuko. Nahiko inozoa. Izan ere, San Frantziskon bizi da. Bilbon. Euskal Herriko kale arriskutsu-arriskutsu horretan, hain zuzen. Horregatik ei daude egunez hamaika udaltzain eta ertzain, baita uniforme bakoak ere. Eta horiekin batera, makina bat bideo-kamera, zelan lapurtzen duten besteek telebistatik ikusi dezaten.

Errabioa sentitzen du maiz, mutil magrebtarrak ikusten dituenean. Eskuko telefonoarekin joan ziren argazkiak, bideoak. Asko ezin izan zituen berreskuratu. Amorrua ematen dio pentsatzeak mutilek andre bat, behargin bat, ama bat ikusi barik, gailu desiragarrien eramaile bat ikusi zutela: iragan barik, familia barik, lagun barik. Zer ikusten du Lidek, ordea? Gehienetan ezer ez, ez duelako haiengan pentsatzen, ez zer eta nor utzi duten atzean honaino ailegatzeko, zenbat sufrikario izango zuten bidean, ezta gurasorik edo neba-arrebarik. Berak mutil-kuadrilla bat ikusten du, ogibidea aldatu beharko luketen mutilak. Nork emango die, baina, lana? Euren ondotik igaro da etxerako bidean, poltsa oratuta. Pentsatu du eurek ere ikusiko zutela zelan estutu duen poltsa, lapurtzat hartu dituela. Haiek, agian, ez dute horrelakorik buruan, zeren gaueko txanda dute txatartegi batean, beltzean kobratuko dute, eta nagusiaz gain, inork ez du jakingo non eta zertan dabiltzan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)