Sinadurak

Iratxe Ormatza Imatzen narrazioa: "Iltzea"

Astelehena, 2018-10-22

Natalieren Twingotik jaitsi, gero arte esan elkarri, Nataliek azterketak ditu zuzentzeko. Gambetta karrikatik behera abiatu da Lide bakarrik. Ez du gogoan noiz izan zuen azkenengo aldiz arratsalde oso bat libre, zereginik gabe: aspaldi-aspaldi. Nahi du arratsaldea gozatu, beraz; arrastia amaitu eta gero bere buruari esan ahal izan ondo baliatu duela: eguneroko pentsamendu ezkor txikiek ez diotela erasorik egingo, Donibanen izango duela gogoa, ez beste inon. Horretarako, ahalegina egin beharko du, eta ahaleginean bertan kateatu daiteke. Gertatu izan zaio.

Hasperenarekin nahi izan du giro lasaiaz jabetu, baina bidean geratu da. Etxe zuriek oinezkoentzako kalea mugatzen dute alboetan. Bizpahiru solairuko etxe zahar gaurkotuak: leihoak eta leiho-ateak gorriz margotuak, egur zaindua; material sendoez egindako etxe xumeak. Bizimodu gozo eta zoritsuaren erakusleihoak. Argazkietarako ondo ematen du Donibane Lohizuneko barrualdeak. Bai, pentsatu du Lidek. Ele frantsesak ahoskatzen dituzte ezpain aurreratuek, ondotik pasatzen zaizkionean. Euskal Herritik kanpo balego bezala. Kafetegi, jantoki eta izozki-denda gutxi batzuen artean, dendek betetzen dute etxeetako beheko aldea, arropa eta oinetako dotoreekin: garestiekin. Lideren erosahalemenetik kanpo. Hegoaldeko abarketak espartinak dira hemen: apainak, koloretsuak; diseinu-egileen iruditeria jaietatik eta dantzetatik harago dago, dirudienez. Ikurrinek, lauburuek, ardi latxen irudi itsasgarriek eta “basque merchandising”-ek adierazten dute, berriz, postaleko irudia baino ez dela aurrekoa. Zerbait salgarria. Zizt egin dio ezinegonak: salgarria. Bere buruari gogoratu dio Bilbon ere gauza bera gertatzen dela, hango postal gehienek eraikinak eta elizak badituzte ere. Han ere ziztadak egiten dizkio noizbehinka egonezinak, ohitu antzean egin da-eta.

Kalearen amaierako Adam gozo-dendan txokolateak eta euskal pastela erosita, Louis plazako terraza batean jesarri da, portuari begira. Garagardoak ere on egin dio, bakarrik egoteak bezainbeste. Pentsamenduak joan-etorrian ditu: zelakoa izango ote zen portua orain hogeita hamar urte, seme-alabak ondo egongo diren igerilekuan Natalieren seme-alabekin; Allanderi lana emango ote zioten; zenbat euskaraz egingo zuten portuan garai hartan. Frantses gehiago ikasi beharko lukeela ere gogoratu du; noiz hartuko duen tartea ez du oso argi, ordea; ikasiko du; seguru dago; ez du itxaropena galdu. Pentsamendu gogoangarriak: ezpainak zabaldu ditu irribarre betean.

Ikusi barik jesarri zaio Natalie ondoan, hain egon da murgilduta bere baitan. Argal-argala dauka gorputza arropa lasaiaren azpitik Nataliek, aurpegia garbi, zimurrik gabea, hogei urte pasatu badira ere unibertsitatea amaitu zuela. Adimenaren sendotasunak azala gozatuko balio bezala, nahikoa ur eta eguzki jasotako sagarraren antzean. Pentsatu du Lidek. Garagardoa eskatu dute biek. Atsekabetuta dagoela adierazi dio Nataliek, astelehenerako zuzendu behar dituela ikasleen azterketak, eta ez duela betarik izan gaur arte. Lidek azaldu dio egoteko lasai, bakardadea gozatu duela, eta on egin diola, gainera. Txin-txin, beraz. Umeen ateraldiez eta barreez, eguraldi hobearen esperoaz, bikotekideen bitxikeriez, bizitzaren alde eguzkitsuez jardun dute; igerian, ezer behartu barik, koreografiarik gabeko dantza sinkronizatu betean.

Gasteizek batu zituen, euskal filologiaren ikasleak ziren garaian. Harrezkero, hitzordu bi dituzte urtean, mugaren bi aldeetan, bana. Huts egin barik, bakoitzaren bideak biribilgunera doaz urtean birritan, eta biribilgunean asteburua eman eta gero, egunerokora itzultzen dira. Bestearen lan-aldaketak, bikotekide-aldaketak, haurdunaldiak (gehiago) eta jaiotzak (baino), lagunen joan-etorriak, eta gertukoen heriotzak ikusi eta entzun dituzte. Liburuak, filmak eta serieak izaten dituzte, baina, solasaldien azkenburukorik onenak, eta orain ere izan dute zer gomendatu.

Gauean, denak batu dira afaritarako: Allande, Natalie eta seme-alaba biak, eta Lide eta seme-alaba biak. Umeak berba eta berba ari dira: igerilekuan plisti-plasta, saltoka, igerian, jolas hutsean ibili direla-eta. Allandek ezin du ezkutatu umeak igerilekura eraman izanaren barruko poza. Berbaz adierazi dio Lidek zenbat eskertu dion umeak eraman izana, baina orain bor-bor dabiltzala umeak, begirada eskertua eskaini dio Allanderi. Alagaraka egin dute afaria zazpiek, umeek dir-dirka jarri dituzte helduen gogoa; bizitzaren xaloa zerbitzatzearekin batera. Ospakizuna izan da euskal pastela bera jatea ere.

Goizaldean, txori bat txioka ibili ostean, alde egin du, hegoek isiltasuna inguruan zabalduz. Lideren betazalak ez dira zabaldu, hala ere, eta, hortaz, ez du ikusi leiho-ateetatik epel sartu direla goizaldeko izpiak, Maddi Natalieren alabaren logelan. Ipuin-liburuak peluxeek bermaturik, apaletan; mahai txikia eta neurriko aulkia, koloretako armairua, eta umeentzako dekoratutako papera hormetan. Lide, ordea, urrun dago logelatik. Lapurdiko A-63 autobidetik kanpo, autoak bide estutik doaz mantso, ardien antzera. Lidek pentsamenduak ere autoen antzera jarriko lituzke ilaran, lekutara joan daitezen. Bilboko trafikoak eraso dio, ostera. Hanka egin du trafikotik Lidek, gogotsu. Gambetta karrika zabaldu zaio begitartean, eta karrikakoen aurpegi-kolore bakarraren nagusitasuna. Kafesne azaleko batzuk, marroi gutxi (seme-alabek eskolan ikasi duten bezala), zapidun andrerik batere ez. Kolorerik gabeko azal zuria, eta janzkera ordenatua, Lacoste-ren aldaerak. Isiltasunaren pareko giroa. Lideri ere isildu zaizkio, horrenbestez, Bilboko korrikaldiak, erosketak, lana, otorduak, seme-alaben dei jarraia kasu egiteko. Isilunea luzatuko luke. Bilbora abiatzeko ordua da, baina.

Iltzearen erpinak zizt egin dio Lideri bat-batean. Mutututa izan du asteburu osoan, eta aurretik ere, mendean izan du: ez da izan batere oztopo lanerako edo egunerokorako. Eutsi egin dio, harik eta iltzea leku seguruan jarri arte. Ahal balu kenduko luke, da kendu, atzamarrek mailuaren indarra balute. Kendu, ezin du. Ezin du erauzi larrutan egin izana, norekin eta eskolako irakasle harekin. Gasteizeko jaietan ezagutu zuena, irakasle izateko ikasten ari zen mutil hura. Oraindik ez du argi bere buruan zein bide hartu zuen, ohe hartan sartzeko. Zergatik ez? esan ziolako bere buruari, beharbada. Gizonak hain erraz egin zuen dena: bikotekidea eta umeak ditut, esan zion. Iltzeak handituta, lodituta, barrura egin du iltzeak, eta etxera joan behar du.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)