Sinadurak

Manikeismoaz

Igandea, 2018-04-29

Mani, buruzagi erlijiotsu pertsa izan zen, manikeismoaren fundatzailea. Manikeismoa erlijio dualista izan zen eta bertan, arima jainkoarena eta gorputza deabruarena zela aldarrikatzen zuen aipaturiko erlijioak, dualismo hori sortuz. Ongiaren  eta Gaizkiaren arteko betiereko borrokan sinisten zuten manikeoek. Ongia eta gaizkia hastapen oinarrizko, berdin eta elkarren kontrakotzat onartzen ditu manikeismoak. Bi printzipio hauek, unibertsoaren gidari dira. Kontu zaharrak direla pentsatuko du batek baino gehiagok, baina iruditzen zait gure imajinazioan, gure gizartean, errotutako joera kulturala dela.

Gogoratzen dut ETAk su etenetako bat iragartzerakoan, kaleko herritarrarentzat, albisteak, garai haietan, ilusioa pizten zuen. Hiritarrak bazeukan gogo handi bat su etena gauza dadin. Jende askorentzat, sufrimendua luzaroan zihoan, eta distentsio une bat, hasieran behintzat, denontzat ona zen. Beste gauza bat zen, ETAk iragarritako su etenak ze emaitza jasotzen zuen.

Edonori, galdera bat batean etor dakioke burura, eta nola bizi ginen su etena aurretik? Esan daiteke jendea, itxaron une batean egoten zela, baina treguaren porrotak, euskal hiritarrengan dezepzio handi bat sortzen zuen, nahiz eta egoera hauek, ez diren jakiten nola amaituko diren. Beti pentsatzen da gatazka konpondu behar dela, sufrimenduarekin amaitu behar dela, baina aitortu behar da eszeptizismo dosi bat badagoela.

Gatazka honen inguruan beti entzun izan dugu, luzea, gogorra eta zaila izango zela. Mota honetako gatazkak, denok badakigu, edo jakin beharko genukeen, irtenbidea ez dela erraza, eta ez genuen pentsatu behar arazoa bi egunetan konponduta zegoenik. Politikan, politikoek erretorika asko erabiltzen dute. Bi muturreko diskurtsoetan hau gertatzen da. Batzuetan ematen du denbora irabazi baino ez dela nahi. Baina argi eduki beharko genukeen, edozein arazoen aurrean, eta gurean hau oso larria izan da, arazoa konpondu egin behar dela. Baina horrelako egora baten aurrean, borondate arazo batekin topo egiten dugu. Ongia eta gaizkia aurrez aurre daude. Arazoa, konpondu nahi da? Batez ere benetako soluzio klabeetan. Ez dugu ahaztu behar bi muturren artean, arazoaren erroan, elkarbizitza jokoan dagoela, bi identitate zeharo ezberdinak. Mugimendu guzti hauetan, denok bestea aitortu egin behar dugu, eta hau gauzatzen ez den bitartean, aurrera egitea oso zaila da. Guzti honen azpian, politika egiteko era dago. Politikoek, eta hemen denak sartzen ditut, bere mugimenduetan interes partikularrak daude; gehienetan hiritarren interesetik urrun aurkitzen dira. Denen ongia ez da kontutan hartzen. Polisa, hiria, beren kalkuluetan ez da sartzen.

Geografien inguruan, lurraldeen inguruan, arazo ugari ezagutu eta ezagutzen ditugu, gureari begirada bat begiratzea baino ez dugu egin behar. Gogoeta azkar batean, galdera hau bururatzen zait: topos horiek, espazio horiek, non gizakiak bizi dira, hauek geratzen dira? Agian galdetu beharko litzaieke nola ikusten diren lurralde horietan. Ezin dira artifizioak sortu. Europak pairatu dituen mundu gerra horiek ondoren, bere territorioetan eskuaira eta kartaboi asko erabili dira, eta sortu den artifizioak ez du ezertarako balio izan. Zoritxarrez bai, arazoak sortzeko, eta agian hauek, gizakiaren baitan benetako simulakroak dira.

Eta arazo guzti hauen inguruan, manikeismoa izaten da erantzun azkarrena. Askotan entzuten dugu, eta hau beste adibide bat litzateke, Europak bi erronka dituela: terrorismoa eta immigrazioa, eta agian pentsatu beharko genuke ez dela lurralde baten arazoa, arazoa gizatasunarena da. Elkarbizitzan beti, bestea dago, eta elkarbizitzan ez baldin badago elkarrekiko errespeturik, bestea kontutan hartzea, esaten ari garena, arazoak, harreman txarrak, etengabe sortuko dira.

Hemen, bukatzeko, literaturaren atari honetan, ezin aipatu gabe utziko dut euskal idazleari eskatu zaiona, galdetu zaiona: zein da idazlearen eginkizuna terrorismoaren inguruan? Eta erantzuna, beti, hau izan beharko litzateke: ez bakarrik dagokio idazleari jarrera bat hartzea, baizik eta gizakiari dagokio. Edozein jarrera, gizarteko beste norbanako baten aurka badoa, edozein eskubide zapaltzen baldin badu, arreta pizteko modukoa da. Gizateriaren historian, zoritxarrez, hau ez da eman. Munduan, gaur egun, badaude erabaki politikoak hartzen direnak inongo harreman etiko gabe, nia eta bestea kontutan hartu gabe, eta beti manikeismo azaltzen da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)