Erreportajeak

Ihesaldi baten bestaldeko kontaktuak: elipsiak euskal literaturan eta elipsien euskal literatura

Ostirala, 2019-05-10

Beste literatura batzuetan baino gehiago, elipsia figura erretoriko zentrala izan da euskal literatura garaikidean. Izan ere, idazleak gatazka armatuaren protagonista ere izan diren neurrian eta gatazka hori literaturara eraman duten neurrian erabakigarria bihurtu da zer kontatu eta zer ez kontatu erabakitzea. Territorio libre bihurtzeko literaturak ezinbestean elipsiak erabiltzen ikasi behar izan du eta irakurleok, elipsiak irakurtzen trebatu behar izan dugu.

 

Nazio, estatu eta komunitate guztiek dituzte gatazka zentralak, belaunaldi bat baino gehiagoren bizitza zeharkatzen dutenak. Literatura gizartearekin elkarrizketan dagoen neurrian, gatazka horiek askotan gai literario bilakatzen dira eta nagusitasun handia hartzen dute komunitate horien literaturan. Bigarren Mundu Gerrak garrantzi handia du Alemaniako literaturan, Estatu Batuen sorkuntza Estatu Batuetako literaturaren gai nagusietako bat da eta ez da gehiegi esatea ETAren jarduna eta hari lotutako guztia gure literatura garaikidearen gai zentraletako bat izan dela. Gai horren trataeran elipsia funtsezkoa izan da, figura literario eta erretoriko moduan. Zer kontatu, zer ez kontatu, zer esan, zer utzi esan gabe. Elkarrizketa hori ezinbestekoa, dramatikoa, zentrala izan da gure literaturan euskal gatazkaz hitz egiterakoan eta izan ditu oso bereziak egiten dituzten elementu batzuk.

Narratzaile eta protagonista

Normala izaten da gatazka bati buruz irakurri nahi dugunean alde batetik izatea protagonisten eta haiei buruzko diskurtso eta testu politikoak eta beste alde batetik haiei buruzko literatura. Euskal Herrian protagonistak narratzaileak ere izan da. ETAko militante izateagatik kartzelan zegoela idatzi zituen Joseba Sarrionandiak, gure idazle kapitaletako batek, bere obra kapitaletako zenbait. Eta erakunde beraren buruzagitzan egoteagatik zigorra betetzen zuen bitartean idatzi zituen bi eleberri Mikel Albisuk, Susa argitaletxeko sortzaileetako batek. Bi adibide baino ez dira baina biek adierazten dute gatazkaren literatura izateaz gain, gatazkan eta gatazkatik idatzitako literatura ere izan dugula.

Esan dugun moduan literatura horretan elipsiak figura erretiko zentralak izan dira. Isiltasun handien arteko harreman eliptikoetan idatzi dira, beharbada, gure literatura garaikidearen orrialde interesgarrienetako batzuk. Ezinbestean.

Elipsiaren ezinbestekotasuna

Zergatik idatzi dute modu eliptikoan, gauza batzuk esanez, beste batzuk esan gabe gure idazle kanonikoetako batzuk? Lehen arrazoia arestian esan dugu eta ebidentea da: idazle batzuk ETAko militanteak izan dira, delituak egin dituzte. Pentsatzekoa da idatzi dutenean, ez direla literaturaren epai unibertsalarekin akordatu benetako tribunalak daudela ahaztuta. Irakurleok estimu handitan dituen idazle batek ere ez dizkio irakurleari kontatzen tribunalari ezkutatu nahi dizkionak. Hori baino lehen egongo da bere burua zein beste pertsona batzuk zigorretik babestu nahi izatea. Elipsi batzuk, beraz, ezinbestekoak dira.

Geure literatura da, baina arauak ez dira denak geureak

Gure literaturari gertatzen zaiona ez zaio literaturari bakarrik gertatzen. Euskaldunoi gertatzen zaigu. Euskal Herrian hitza gatazkaleku sinbolikoa eta juridikoa da. Legezkoak izan nahi duten alderdiek ETAren jarduna modu batean kalifikatu behar dute, biktimak umiliatzea delitua izan daiteke. Plaza publikoan hitza neurtuta hitz egitera ohitu gara euskaldunak. Nahi dutena nahi duten erara esateko legezko eragozpenik ez dutenek muga horiek ze mailataraino uler ditzaketen edo ez, beste kontu bat litzateke. Baita ondo ulertuta ere -gizalegez eta gizatasunez- zenbatetan ahazten dituzten.

Euskal literatura esanen eta ez esanen arteko harremanean eraiki da, beraz, Euskal Herria bera bezala. Izan ere “euskal” literatura da, baina nagusiki Frantzian edo Espainian egiten da eta, besteak beste, bertako inprenta arauak errespetatu behar ditu, bertako legeen barruan sortu da. Euskaldun askoren antzera ikasi du hitz egiten, “euskal” dela jakinik baina ez “euskal” soilik. Izan ere, “euskaldunok” espainol edo frantses ere bagara -nagusiki- eta hitz egiterako orduan, baita gure artean hitz egiterako orduan ere, ez ditugu bakarrik gure arteko kodigoak eta erabakiak aintzat hartzen. Gutaz gaindi eta gutaz aparte erabakitakoak ere kontutan hartu behar ditugu. Nola hitz egingo genukeen horiek existituko ez balira ez dakigu. Momentuz, daitekeen moduan hitz egiten dugu. Gure idazleek ere antzera egin dute, elipsien bidez hitz egin digute, literarioki behintzat, eta euskal gatazkari buruzko ariketa literario eta metaliterario faszinantea sortu dute, bere aukerekin, bere amildegiekin, bere kontraesan guztiekin.

Idazle eliptikoen genealogia bat

Har ditzagun hiru idazle: Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951), Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958), Mikel Albisu (Donostia, 1961). Hiruren artean harreman intersekzional literario ugari daude, baina beste idazle fundamental baten obrari keinu egitearren, esan dezagun denak egon zirela momenturen baten Martuteneko espetxean.

Joseba Sarrionandia bertan zegoen preso. Mikel Albisuk handik ateratzen lagundu zuen, Imanol kantariaren kontzertu bat probestuta. Ihes egin baino lehen hainbat bisita jaso zituen Sarrionandiak, lagunenak, ezagunenak, senitartekoenak. Tartean egon zen inoiz Pott Bandako kide eta laguna, Bernardo Atxaga. Hirurek idatzi dituzte gatazkari buruzko obra nagusietako batzuk: Atxagaren ziklo errealistan sortuak dira Gizona bere bakardadean (Pamiela, 1993), Soinujolearen semea (Pamiela, 2003) edo Zeru horiek (Erein, 1995), denetan ETAko militanteak protagonista dituzte. Ihesaldi hura baino lehen ipuinak eta poemak idatzi zituen Albisuk, isildu zen klandestinitatean idazle bezala, eta gero eman dizkigu, dagoeneko kartzelan zela, bere bi nobelak, Ospitalekoak (Susa, 2010) eta Atzerri (Susa, 2012). Bietan dira gai nagusiak espetxea bera eta sasian pasatako urteak.

Horiez gain, beste hiru idazle ere hartzen ditu Martuteneko ihesaldiaren uhin literarioak: Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975), Martin Bidaur (Peru Iparragirre jaiotzez; Tolosa, Okzitania, 1996) eta Raul Zelik (Munich, 1968).

Raul Zelikek Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua eleberriairakurlego alemaniarrari hurbiltzeko ahaleginean, Der Bewaffnete Freund (Blumenbar, 2007) / Lagun armatua (Txalaparta, 2009) / El amigo armado (Txalaparta, 2010) nobela idatzi zuen. Bertan ETAko buruzagitzan dagoen lagun batek penintsula zeharkatuta ihes egin behar du Espainiatik, lagun alemaniar batek lagunduta. Pertsonaia nagusi hori sasian dago lagun bati kartzelatik ihes egiten lagunduko ziolako. Mikel Albisuren alter ego literario edo trasunto moduan aurkezten zaigu, beraz, protagonista nagusia.

Harkaitz Cano ere hurbildu da ihesaldira, Fakirraren ahotsa (Susa, 2018) eleberrian Imanol kantariaren biografia egin baitu, haren alter ego fikzionatua da Canoren fakirra. Maila horretan, Imanol bera bezala, sekundarioa da genealogia honetan Cano, izatekotan Martuteneko ihesaldi honen bigarren belaunaldia da berea. Eta bigarren belaunaldia litzateke, kasu honetan ez bakarrik literarioki baita biologikoki ere, Martin Bidaurrena. Momentuz atzerrian idatzitako Atzerri da Mikel Albisuren azken lana eta Itzulera (Susa, 2017), berriz, Martin Bidaurraren -bere semearen- lehena.

Belaunaldien arteko elkarrizketa literario interesgarria utzi, ostera, eta goazen berriz lehenengora. Atxaga, Albisu, Sarrionandia dira gure analisiaren protagonista nagusiak.

Biografia eliptikoak eta elipsiak biografietan

Literaturara hurbildu baino lehen idazlea ezaguna izan daiteke eta jardun horrek izan dezake harremanen bat literaturarekin. Musikari ezagun batek zientzia fikziozko narrazio labur bat egiten badu edo rock talde bateko barne-gatazkak ilustratzen dituen eleberri errealista bat egin dezake. Bigarren kasuan musikariak kontutan hartu beharko du bere pertsona benetakoak edo benetako pertsonaren irudi publikoak irakurlearentzat oihartzun bat duela, eragin bat duela. Zintzotasunez onartu dezake edo modu arduragabean ukatu (baita zinikoan ere) baina irakurleak egin egingo du.

Kasu honetan esango nuke hiru idazle hauek beti jakin dutela bazirela norbait irakurleentzat eta biografia errealaren eta ariketa literarioen arteko elkarrizketa hori modu zintzoan eta naturalean onartu dutela. Ez dut uste inork gezurrik esan gabe esan dezakeenik, adibidez, Mikel Albisuk bere eleberriak idatzi dituela irakurleek nor den jakingo ez balute bezala. Alderantziz, jakin badakitela, horixe da bere literaturan dagoen presupuestoetako bat. Modu horretan, Albisuk klandestinitatera pasatzen dela esaten badigu, ez digu zertan ETA esan behar. Ihesaldi bati buruz hitz egiten badigu, badakigu zertaz ari den. Ez da bere kasua bakarrik. Joseba Sarrionandiak “ni ez naiz hemengoa” esaten badigu, “hemen” hori kartzela dela irakurtzen du lehen maila batean euskal irakurleak eta kartzelarekin batera “Espainia”. Era beran, esaldiaren anbiguotasunak (“hemen” / “hemengoak” duten zehaztasun gabeziak) bere potentzia anplifikatu egiten du eta sinbolo literarioak oihartzuna izan dezake atzerritartasun edo ezlekutasun intimo bat sentitzen duen edonorentzat.

Herriak, deserriak, atzerriak: pasaia literario eta biografikoak

Idazleak, beraz, bere osotasunean hurbildu dira literaturara eta maila horretan aurrez-aurre begiratu die irakurleei. Bazekiten irakurleok informazio nahiko genuela. Euskal gatazkan leku bat izan zuten eta gatazka horretan inor gutxi geratu zen iritzirik, sentimendurik, minik, presorik, hildakorik, dolurik, torturarik, erbesterik, alderdikeririk gabe. Oso latza izan zen. Oso latza da oraindik ere.

Urteetan zehar hiru idazle horien artean egon den distantzia fisikoak modu ia literarioan adierazten du Euskal Herrian bertan, kale bereko auzolagunek bizi zezaketen distantzia. Herrian izan dugu Atxaga azken hamarkadetan; erbestean -deserrian- Sarrionandia; eta atzerrian Albisu. Sasian hasieran, kartzelan gero. Zelik ere atzerrian egon da tarte horretan, baina bere atzerria desberdina zen. Guretzat zen atzerri, beretzat herri.

Idazle hauen literaturan paisaia biografiko horiek paisaia literario bihurtu dira, jakina. Bernardo Atxagak Euskal Herria sinbolizatu nahi duen Obaba eman digu: herria. Joseba Sarrionandiak deserriaren itsaso izoztuak idatzi ditu eta Mikel Albisuk kartzela (Ospitalekoak) eta sasia (Atzerri) ekarri ditu bere literaturara.

Elipsi humanoak: Idazlearen ahotsa, gizonarena edo biena

Leku desberdinetan egon dira idazleak, beraz. Eta hitz egin ere modu desberdinetan hitz egin digute. Hitz egin digutenean. Izan ere, azken hamarkadetan normaltasunez eta -pentsatzen dugu- nahi izan duen guztietan hitz egin digu Bernardo Atxagak, modu literarioan zein extraliterarioan. Joseba Sarrionandiak, berriz, isiluneetara ohitu gaitu. Ihesean doan presoa izan da guretzat, deserrian zegoen idazlea. Literaturan existitzen zen baina apenas beste inon. Albisuren ahotsak, azkenik, are elipsi luzeagoa egin du. Isilik egon dira gizona eta bere literatura luzaroan. Martuteneko ihesalditik, Joseba Gabilondo literatura kritikariak, “ekintza traumatikoa” deitu duen horretatik pasa den denbora honetan guztian Atxaga izan da gu guztion aurrean hitza hartzeko moduan egon den bakarra. Gizona eta idazlea izateko aukera izan duen bakarra. Atxagak berak esan digu horrenbeste: Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan liburuan (Alberdania, 2002) aipatzen du zer mailataraino litzatekeen aberasgarria Sarrionandiaren beraren kontakizun literarioa berea eta bere belaunaldikideena osatu ahal izateko.

“Berak (Sarrionandiak) bere burua gordetzeko joera izugarria eduki du beti (...) Nik esan izan diot aurreneko bidea metaliteraturarena dela, baina, aldi berean, oso bide mugatua ere badela. (...) Atea ireki behar diozu errealitateari eta esperientziari. Kartzelako esperientzia kontatu behar diguzu, deserriko esperientzia ere bai… horiek denak esan izan dizkiot. Bide horretan hasi da, “Lagun izoztua” bere nobelarekin argi geratzen denez. Ez dakit noraino segituko duen, baina uste dut ahalmen izugarriez behar duela jokatu borroka hori, bere errealitatea eta bere esperientzia azaltzearena, alegia. Obra memorialistiko bat hartu beharko luke bere gain, eta nire ustez egingo du obra gogoangarri bat. Seguru”.

 Elipsi literarioak: kontatuta dagoena eta kontatu gabe dagoena

Idazleen genealogia honek literatur orrialde asko idatzi dituen arren bada kontatu ez duenik. Besteak beste, ez digute Martuteneko ihesaldia kontatu. Ez haiek ezta Harkaitz Canok ere Fakirraren ahotsa eleberrian. Elipsi fundazional horrek hortxe dirau.

Besterik ere badago kontatu gabe. Joseba Sarrionandiaren literaturan kartzela kontatu zaigu (Kartzelako poemak -Susa, 1992- horren adierazgarri, besteren artean), baita kartzela aurreko bizipenik ere. Lagun izoztuan ageri den Kalaportu literarioa bere haurtzaroaren paisaia da eta, itsasoa berriz, baina beste itsaso izoztuago bat, deserriaren sinbolo nagusia. Kontatu gabe dago, momentuz, haurtzaroa eta kartzela hartzean gertatzen dena eta bai kartzela bai deserria motibatzen dituen arrazoia. Bere militantziari dagokionean elipsia da nagusi.

Mikel Albisuk, berriz, kartzela eta klandestinitatea kontatu dizkigu, lehenbizikoa Ospitalekoak eleberrian gehienbat, bigarrena Atzerri izenekoan. Ezin dena kontatu-eta, ez kontatzearen ariketa presente egin du bere literaturan. Atzerri elipsiari buruzko eleberri bezala ulertu daiteke. Nobelaren lehen partean, lehen pertsonan hitz egiten digun protagonistak Martuteneko ihesaldiaren bezpera kontatzen digu. Lau lagun autoan doaz: Xabier, Ińaki, Eneko eta protagonista bera. Besteek ez dakite baina azken eguna du gidatzen doan laugarrenak -protagonistak- ihesaldia baino lehen, Sarrionandiarena lehenik eta berea gero. Narrazio literario ederra osatzen du Albisuk, modu zinematografikoan sartzen gaitu autoaren barruan, atmosferikoa da irakurleoi gaua eta adiskidetasuna sentiarazteko duen modua. Bestalde, protagonistak besteek ez dakiten zerbait jakiteak, zerbait dramatikoa jakiteak, tentsio ematen dio sekuentziari. Hortik aurrera, ostera, ezer ezingo digu berdin kontatu. Hain modu bizian, horrenbeste xehetasunekin: isiluneak hasiko dira, narratzaileak berak elipsien aroa inauguratuko du.

“Aurrerantzean ezingo nuen begiekin ikusten nuenaren berri eman. Ezagututako jendeaz ezingo nintzen mintzatu. Egondako lekuen izenak ezabatu beharko nituen oroimenetik”. “Bizitako guztia gandu, laino sarri eta ahalik eta trinkoenaren pean gorde beharko nuen, betirako ahanzteko arriskuarekin. Edo okerrago, betirako desitxuratzeko arriskuarekin. Izenak, lekuak, gertaerak, ederretsi, biribildu, zentzuz jantzi ahal izango nituen nire buruan, baina ezin izango nion inoiz inori inolaz bizitakoaren berri eman ahal izango”. “Oraindik erbesteratu gabe nengoenean ezin igar nezakeen aurrerantzean ez nintzela nire buruaren jabe izango, eta neure neurea nuena ere, hitzen bidez munduaz nuen ikuspegia eskaintzeko grina, pixkanaka, ezarian, galtzen hasiko nintzela, hitzak urritzen hasiko zitzaizkidala, gardentzen, desagertu arte. Bidegurutze bakoitzean hartuko nuen erabakiekin ongi lagunduta, gertaeren segida logikoak eskuak literaturarako ezinduko zizkidan arte”.

Hortik aurrera eleberriak egitura zatikatua hartzen du eta sekuentziaz sekuentziako isiluneak dira nagusi.

Nobela osoa, aurrekoa bezala, kartzelan idatzita dago, jakina denez. Mikel Albisuk han errekuperatu baitzuen bere idazle ahotsa, gizonak libertaterik ez zuenean. Sarrionandiaren lehen paisaia literariotik itzuli zen, beraz, literaturaren zeremoniara. Zentzu horretan ere bada berezia euskal literatura: idazle askok hitz egin dute kartzelaz munduan zehar baina literatura gutxik dituzte kartzelan idatzitako horrenbeste orrialde. Gurean kartzela, erbestea, sasia, askatasuna arazo eta gai literarioak dira, baina benetako kartzela, erbestea, sasia eta askatasuna dira hizketagaiak.

Hain zuen ere, askatasunari buruzko metaforarekin bukatzen da Albisuren eleberria. Bere burua idazten eta libre irudikatzen du narratzaileak, Atzerri izeneko eskuizkribuaren autore. Eskuizkribu metaliterarioa, ostera, literarioa ez bezala, ez da kartzelan idatzitakoa, kalean baino. Zentzu horretan eta elipsiak elipsi, idazleak libre dela irudikatzen du, baita isiluneen bidez idazten duenean ere. Albisuk idazle bezala askatasun hori inauguratu eta -momentuz- itxi egiten du, idazterakoan libre dela irudikatzen du eta irudi horrek konpromisoa eta aldarria dakartza. Zintzotasunez aritzeko konpromisoa da, esan ezin duenak gordeta baina iruzurrik gabe arituko dela esan nahi digu, ez dela inoren gatibu. Aldarria ere bada: preso dago gizona baina literatura, benetako literatura, ezin da bahitu. Beti aurkitzen du zirrikituetatik hitz egiteko modua.

Isiltasuna bai, fribolitatea ez

Euskal literaturan, ikusten dugunez, imajina daiteken elkarrizketa literariorik metaliterarioena sortu da. Mikel Albisuk bere militantziaren erabakia kontatu digu, elipsien bidez bada ere, Joseba Sarrionandiak kartzelatik ihes egiten duen momenturaino eraman gaitu. Sarrionandiak aurrekoa kontatu zigun -kartzela- eta haren osterakoa ere bai -erbestea-, ETAk elipsian dirau.

Atxagak bai. Atxagak kontatu zigun. Euskal Herrian zegoela, Espainian Sari Nazionala zela. Begirada guztiak bere gain zituela. Euskal Herriko irakurleak, jakina. Eta Espainiakoak, ebidentea da. Oso zaila zen publiko horientzat guztientzat onargarri, sinesgarri, baliogarri izango zen Euskal Herri literario bat sortzea, gatazkaz hitz egingo zuena. Obaba gure herriaren sintesia zen, munduan jarri gintuen eta gure modernitate literarioa eten egin zuen, zentzu batean. Sinbolo bat, joku bat, polisemia erakargarri bat, hainbat interpretazioari irekia.

Esan beharrik ez dago ETA bera ere interpretazioari irekia dago eta egon da. Ez denak legezkoak. Baina ez da sinbolo bat soilik, ez da jolas bat, inolaz ere. Idazleak autokontzientzia maila handia behar du bere ariketa literarioa eraikitzeko. Mikel Albisuk elipsien bidez esaten digu “hau ezin dut kontatu”, baina baita ere “badakit hor zaudetela, hutsune honetan irakurtzeko eskubidea duzuela”. ETArekin hizketan ari garela aitortzen digu. Euskal herritarrok oso intimoa eta era berean oso publikoa dugun modu batean, ohituta gaude osorik kontatu ezin den errelato baten parte izatera, geure elipsiekin, legearenak jakina baina ez legearenak bakarrik, lagun hurkoaren zein ezezagunen erabaki abisalek eskatzen dituztenak ere bai. Fribolitatearen tentaldiak obszenoak izan daitezke gaur egun, baina luzaroan friboloa hitza ez zen existitu ere egiten inoren hiztegietan. Euskal Herriarentzat ezin zen hori baino lurralde urrunagorik imajinatu.

Nahiz eta lurralde urrunak imajinatu, imajinatu ditugun. Atxagak Obabakoaken sortutako Hanburgo, adibidez. Obabako pertsonaientzat Hanburgo atzerriko infinitoen aukera zen, ametsetako herrialde bat, non beste anbizio eta libertate batzuk posible ziren. Ez zen horrenbeste benetako leku bat, baizik eta leihotik ikusten zen paisaia bat. Paisaia horretatik etorri da, ostera, gure literaturara, eta Martuteneko elipsi batzuk betetzera Raul Zelik idazlea. Elipsi emozionalak, bereziki.

Hanburgoko alemanak obabatarren elipsi euskalduna deskubritu digu

Alemaniatik Zelikek kontatu diguna da genealogia honetan dagoen kanpoko -atzerriko- begirada bakarra. Eta zertaz hitz egiten digu? Lagun armatuaren tituluak berak adierazten duen moduan adiskidetasunaz. Eleberriko protagonistak lagun armatuari laguntzen dio penintsulatik ihes egiten eta hark ere lagunari lagundu zion kartzelatik ihes egiten eta horrek bihurtu zuen armatu, hain zuzen.

Alemaniarrei gatazka armatua kontatzeko errelato bat sortu zuenean, Raul Zelikek ez zien gatazka politikoaren berri zehatzik eman, edo hobe esanda, eman zien baina guzti horren gainetik harreman pertsonalak jarri zituen. Halako gatazka batean berebizikoak izaten baitira. Non jaio garen, nor den gure familia, zein den gure soziologia, nortzuk diren gure lagunak… guzti horrek garrantzia dauka eta guzti horri garrantzia ematea erabaki zuen Zelikek.

Eta hori egiterakoan genealogia hau ulertzeko behar genuen beste elipsi bat seinalatu digu euskal irakurleoi, isildutako beste parentesi bat ikusi du, gizon eta idazle hauen elipsi asko azaldu ditzakeena: adiskidetasuna. Ez da kartzela izan, legea, Espańa, etika militantea, ihesaldi horren inguruan gertatu zenaren detaileak kendu dizkigun bakarra. Ez da gertatu zena modu literario eraginkor batean kontatzeko denek aurkitu duten zailtasun bakarra. Maitasuna eta adiskidetasuna eta erabaki intimoak eta norbere bihotzean gordeta geratzen diren kontuak kontatzearen pudore intimoa ere kontutan hartu behar da. Azken batean, ez da erraza guzti horretaz hitz egitea: erabaki politikoen atzean hausnarketa politikoak, desberdintasun ideologiko erradikalak, estrategia klandestinoak eta erabaki militarrak daudenean, guzti horretan ibili ziren gizonak humanoak ere bazirela esatea, lagunak zituztela, maitasunak leku bat izan zuela. Kasu batzuetan, maitasun politiko bat sortu zela.

Elipsi ezkutuago bat deskubritu digu Zelikek. Berak ere ez ditu ihesaren detaileak kontatu baina ihesa esplikatzeko elipsi batzuk bihotzean gordetzen direla esan digu. Txalaparta argitaletxearen aldizkarirako galdetu zioten duela urte batzuk esan zitzala euskaldunok gutaz ez dakizkizun hiru gauza. Hauxe izan zen lehena: “Kanpotik ikusita, zuen lotsak harrokeria dirudiela” Gutaz jendeak ez dakizkien hiru gauza galdetu zizkiotenean, beste hau izan zen lehenengoa, “zuen harrokeria lotsa baino ez dela”.

Lotsa hori ikusi, seinalatu eta bere garrantziaz ohartzea da, nire ustez, bere literaturak gure elipsietara ekarri duen ekarpen handiena. Raul Zelikek munduarekin konektatu gaitu, unibertsalizatu egiten gaitu eta humanizatzen jarraitzen gaitu, geuretzat ere baliogarria den tresna bat ematen digulako, geure bihotza. Obaban paisaia bat baino ez zena -Hanburgo- errealitate bihurtu du eta Atxagaren sinbolo unibertsala, batetik, eta sinbolo horrekin dugun elkarrizketa, bestetik, aberastu egin ditu.

Etorkizuneko isiltasunak

Zer geratuko da etorkizunean kontatu gabe euskal literaturan? Ez dakigu. Momentuz, errealitatean oinarritutako fikzioen bidez hitz egiten duten protagonisten literatura berezi bat sortu da. Bizitza errealean ia inposiblea den elkarrizketa bat literaturan gertatu da. Elipsiaren mekanismo literarioari esker, literaturak bere potentziak eta bere aukerak erreibindikatu ditu. Literaturak frogatu egin du, beste behin, errealitateak behartutako elipsietan hitza posible egiten duen territorio libreago bat izan daitekeela. Eta bide horretan denok egin gaitu, irakurle zein idazle, apur bat libreago.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)