Gabriel Kortak poesia liburu berria kaleratu du
Asteartea, 2012-04-24Gabriel Korta idazle errenteriarrak Elurra galtza motzetan izeneko lan berria kaleratu du, autoedizioaren bidetik. Bertan bere lanean ohikoak diren gaiak topatuko ditu irakurleak: bakardadea, gizakion barne labirintoa, munduaren egoerarekiko kezka, poesia bera.

Gabriel Korta poetak lan berria kaleratu du, bosgarrena bere ibilbidean. Kortak bi liburu kaleratu zituen Susaren eskutik 80eko hamarkadan. Isilaldi luze baten ostean Harri hautsiak izeneko lana plazaratu zuen 2002an, autoeditaturik. Handik zortzi urtera Laugarrenak lau izeneko lan berezia plazaratu zuen, zeinean lehen hiru lanak berridazteaz gain laugarren bat ere paratu zuen, liburu bakarrean.
Kortaren azken urteetako poesiagintzan ohikoak dira gizakion barrunbeak arakatzeko lerroak, buruko gaixotasunen barrenak ulertu eta ulertarazteko saiakerak, ospitaleetako munduen bazterrak, eta poesia berari buruzko gogoetak ere. Hementxe duzue Elurra galtza motzetan liburuko hitzaurrea, egileak berak egina, liburu osoaren adierazle:
''Norbera da bere bizitzaren moldekatzailea. Aske naiz, eta ni naiz, nire bizitzaren arduradun bakarra; eta jakin, edo badakizue askatasunaren prezioa, bakardadea dela.
Hori estigmarena kontuan hartu gabe. Zeren bakardadea ez dut nik beti bilatzen.
Ze gaiztoak zareten batzuek psikiatrizatuekin...! Sabelek haurrak dakartzate; gizatiarra da, Poesia arimaren egoera bat da; jarrera bat.
Izateko modu bat. Poetak hizkuntzarekin, egiten du lan.
Parnasoa ez da nire mendia. Nire mendia muino txiki bat da.
Maite ditut beste poetak, Maitasunak egiten du bihotza.
Artxiboetan katoliko, bizitzan bilatzaile. Aspaldi erabaki nuen; nire bizitza, nire jarrera bizitzan, poetarena izango zela; eta utopia zen osorik, erabaki nuena.
Ez naiz maitasun eskale bat. Maitasuna ez da eskatzen, eman egiten da.
Orain arte lau liburu kaleratu ditut; eta laugarrenean, lau liburuak daude: ISILETIK, OKARANAK, HARRI HAUTSIAK, eta azkenik, LAUGARRENAK LAU.
ELURRA GALTZA MOTZETAN, bosgarren liburua da.
Ez dakit zein izango den bere bidea...
Poetak hizkuntzarekin sortzen du artea.''
Aurten lan berezia egin du Kortak Hatsaren bilduman ere, bertako hitzaurrea idatzita. Hemen topatuko duzue informazio gehiago:
Hatsa 2012 Olerki Bildumaren aurkezpena
Gabriel Kortaren poesia laua
'Laugarrenak lau' kritiken hemerotekan