Komunitatea

Ian Sancho Linares

Gallartaren hilobi hutsa

Igandea, 2017-10-01 | Ian Sancho Linares
 

Antzinako Gallartak meatzaritzari zor zion guztia heriotzaz ordaindu zuen ni jaio baino lehen. Hala ere, amak, zazpi urte nituelarik, bertako meatzal iraganaldiranzko leihoa ireki zidan:

-Gallarta, aspaldi, “Bodovalle” meatzeko zuloak gaur egun hartzen duen lursailean eraikia zegoen.

-Kontxo! Ez nekien! Eta nolakoa zen?

-Abanto-Zierbenako udaletxeak, elizak eta pilotalekuak osatzen zuten erdialdea, musika-kioskoaren plazarekin batera. Etxe gutxi izan arren, ohiko familia gehienak ugaritsuak ziren, eta, bestalde, meatzari asko zeuden ostatuz. Gallarta zaharrak burdin-hobi bat estaltzen zuenez, altxorraren atzetik aski ugazaba zihoazen, arrotzak tartean. “Franco-Belge des mines de Somorrostro” baltzuak, 1960. urtean, auzunearen inguruko “Concha II.” meatzea dinamitazko eztanden bidez handiagotzeari ekin zionean, agintarien baimenarekin Peñukas kaleko hamaika etxe eraitsi zituen. Ondorioz, Gallarta zaharra odolusten hasi zen, kaltedun batzuk herribilduz aldatu zirelako. Beranduago, Agruminsa "Agrupación Minera S.A." baltzuaren garaian, “Concha II.”, “Manuelita”, “San Miguel”, “San Benito” eta “Ser” meatzeen mugapeak uztartuz “Bodovalle” meatzea sortu zuten, zuloa heda zedin. Geroztik, gainerako auzuneari zegokion hauts bihurtzea, Gallarta berria jaikiarazteko astia emanik.

Amaren mintzagaiak hurrengo lokamutsean murgildu ninduen:

Gallartako erdialdea egurats zabaleko “Bodovalle” meatzearen muturrik sakonenean agertu zitzaidan, aintzirari itsatsita. Meatzariek lurpean soilik egiten zuten lan. Ni, berriz, umea izaki, usainka ibiltzen nintzen zuloko mailagain eta mailarteak euskarri zituen etxe-multzoan zehar. Karriketatik eta harmailadi erraldoitik igaro ahala, auzokideen indarrak harritu egiten ninduen. Nola sar zitezkeen zulo baten barruan bizitzera, hango neurriak itzelak baziren ere!

Behetarren egoitzak aipaturiko aintziraren ertzean zeuden, udaletxea, eliza, zinema, ikastetxea, plaza eta pilotalekua alboan zituztelarik. Iganderoko mezatara edota hileta-elizkizunetara deitzerakoan, ezkiladorreko kanpaien hotsa auzune osotik entzungarria zen, zuloko oihartzunak eraginda. Ekialdeko ezpondan, aldapa bihurgunetsu batek erdialdea hilerriarekin lotzen zuen, azken hau amildegitik at egin zuten, meatzarientzako ospitalea eta abere-hiltegia bezala, hirurek zerua hurbilago izan zezaten.

“Bodovalle” meatzeko hormetan eraikitako etxeak estuak eta kareharri kolorekoak ziren, mailagain bakoitzean lerrokatuta. Guztiek zurezko balkoiak zituzten, eta bertatik Gallartako bihotza ikusten zen. Ni goitarra nintzen, ikuspegi zirraragarria zuen etxebizitza batekoa. Leihotik behera begiratzen nuenetan, liluratuta geratzen nintzen. Ederra zen! Erdialdetik ibiltzen ziren pertsonek inurriak ziruditen. Hain zeuden urrun!

Halakoetan zera pentsatzen nuen:

“Hemendik harria jaurtiko banu, inurriren bat zauri nezake.”

Sakontasunak neu ere txikiago sentiarazten ninduen, eta ilunantzak ere laguntzen zuen horretan. Erdialdea urruti samar zegoenez, zenbait tirolina jarri zituzten ziztuan jaitsi ahal izateko. Igoera, aitzitik, oinez egin behar zuten nahi eta nahi ez. Itzulia neketsua zen benetan!

Iturririk ezak goitarrok herri-polea erabiltzera behartzen gintuen, soka luzetik zintzilikaturiko balde barnean aintzirako ura jasotzeko. Emakumezkoak eta haurrok baldeari esker betetako pegarra eskuetan etxeraino eramateaz arduratzen ginen. Nire auzune onirikoan, harmailadi erraldoiko aldapak labainkorrak gertatzen zitzaizkidan. Beraz, itsumustuan esnatu aurretik, aintzira eta herri-polearen arteko ezpondatik erorketa askea jasan nuen.

Behin auzune zaharra argazkietan begiztatzea otu zitzaidan, eta jarraian, amesgaiztoaren gezurrez ohartu nintzen, jatorrizko Gallarta inoiz ez zelako kokatu zulo barruan, burdinazko geruzaren gainean baizik. Dolores Ibarruri Gomezek Peñukas kalean zeukan jaiotetxea eta bere gaztaroko oroitzapenen agertokia ezagutu nahi zituen, 38 urteko erbestealdia bukatzean, 1977 ko maiatzaren 13an hain zuzen. Ordurako “Bodovalle” meatzeko ebakia lehergailuz, kamioiez, hondeamakinez eta abarrez industen ari ziren langileak auzune zaharrari nagusitu zitzaizkion, eta Gallarta berriak bakarrik zirauen zutik. Agruminsak 1983. urtean “Bodovalle” meatzea egurats zabalean ustiatzeari utzi zion, eta hamarkada baten buruan, burdin erauzketaren jarduera betikoz gelditu zuen lur azpian ere.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.