Komunitatea

Ian Sancho Linares

Langile-odolez zipriztinduriko iragana

Asteartea, 2015-03-10 | Ian Sancho Linares
 

Gallarreta (Gallarta) herriaren lurpeko burdina artean ustiatzeke zegoen garaian, gertuko meategietan langile-buru batek sei edo zortzi peoiz osatutako meatzari talde bakarra izan ohi zuen bere esanetara, astelehenetik larunbatera, biak barne. Bertako meatzari bakoitzak 14 tona mea eskuz eta indarrez kargatu behar zituen lanegunero, zortzi orduko lanaldian, eta hori guztia lansari urri baten truk egiten zuen. Hala ere, behargintza honetako gizon eta beste zenbait meatze-eginkizunetan aritzen ziren emakumeen lanaren ordainak euren bizitza proiektua garatu ahal izatea bermatuko zien, zailtasunak zailtasun, herritar sektore hori oso jasankorra baizen.

Meatzariaren lana harri-bloke itzelak dinamitazko kartutxoz zartarazi bezain laster hasten zen. Sarritan meatzeko nagusiek ez zuten lehergai ugari erabili nahi, gastuetan aurrezteko; horrek erauzitako mea pikotxaz eta mazoaz birrindu beharraren ondorea ekartzen zuen. Lansaioak lehen baino lehen bukatzearren, meatze askotan peoiek bikoteka egiten zuten lan, haien artean ados jarrita txanda erabakitzeko. Bikotekide batek mazoaz burdinazko harri handiak hausten ziharduen bitartean, besteak bagonetak betetzen zituen lankideak puskatutako meaz. 14 tona kargatutakoan, meatzari horiei etekina ateratzeaz arduratzen zen langile-buruak oniritzia eman behar zuen eta aipatutako karga zein bikotekidek amaitua zuen apuntatu, horretarako langileek beraiek deitzen zioten buruari. Meatzean 14 tona horiek noiz kargatuak zituzten jakiteko, burdinaz betetako bagoneta kopuru jakin batera iristean, 14 bat tona zirela kalkulatuta zegoen. Jarraian, lanpostuak txandakatzen ziren, mazoaz egondako behargina 14 tona kargatzera lekualdatzen zen, eta alderantziz. Guztira, 28 tona burdina kargatzen zuten bion artean egunero, eta denbora eta gogorik bazeukaten, aparteko bagonetak betetzeko aukera zuen bikotekide bakoitzak, gainsoldata irabazteko.

Meatzari taldearen barnean, lagunarteko hizkeran “gaizki-esale” zeritzon peioi bat egon zitekeen, bere lankideek adinako lana egiten zuena, baina azpikeriatan ibiltzeko joera zeukana. Hasieran, susmo txarrez begiratu barik, meatzeko jendeak atsegin zuen harekin mintzatzea. Benetako tankera ezagutzera eman aurretik, gaizki-esaleak ez zion inori kalterik egiten, erraz bereganatzen zituen lankideak, horien isilmandatuak belarriratu ahal izateko. Lanpostuan bertan ikusi edo adituriko ezkutukoak bere baitan gehiago eraman ezinik, langile-buruari helarazten zizkion, harengandik atarramentu ziztrina ateratzeko asmoz. Azkenik, ondorioak era gordinago batean pairatuko zituena kontakatilua bera izango zen, meatzarien gizarte-ingurunean aski aske izateko, komeni baita lankideen jarduera ilunak ez salatzea.

Meatzari menperagaitz batzuek, nahiz eta nahikoa lan bazeukaten egunerokotasuna bizitzen, sistema kapitalistari berezkoak zaizkion langileen esplotazioa eta estuasun-egoera ezin zituzten etsi, eta horietako askok, lan eskergabea aiseki goitu nahian, amarruz jokatzen zuten ogibidean. Langile-burua oharkabeturik zebilenean, besoekin altxatu zitzaketen harri handienak kargatzen zituzten bagonetetan. Harriak irregularrak zirenez, tamaina handiko harri horien artean hutsunea geratzen zen; hori zela bide, bagonetaren karga nabarmen igotzen zen eta lasterrago amaitzen zuten zeregina.

Behin batean, iruzur berbera egiten ari zen gaizki-esale batek ezin izan zuen langile-buruaren kontrola saihestu; azken honek arduradunarengana joateko agindu eta iraizpenarekin mehatxu egin zion, agirika. Tamalez, gaizki-esaleari bere izen eta izanari ohore egiteko abagunea egokitu zitzaion. Lanbidea galtzeko beldurrak airean edukita, meatzeko buruzagiari xeheki jakinarazi zion lantaldearen gehiengoa azpijoko horretan erortzen zela maiz, bederen, langile-buruak arreta galtzen zuenetan. Harekin zintzo hitz egin zuenez, gaizki-esaleak bere etorkizuna meatzean mantentzea erdietsi zuen, baina bizirik iraun bitartean damutuko zitzaion saldukeria arbuiagarri hura lankideei egin izana. Egun batetik bestera, arazoaren aurkako neurri zuzentzaileei ekin zieten nagusiek. Honako hau izan zen iragarri zuten zorrotzena: langile-buruak meatzari talde horretako beste inor iruzurrean berriro harrapatuz gero, kaleratua izango zen, esku hartzen zuen lehenengo aldia bazen ere. Lankideek gaizki-esaleari ohartarazpen horiek eztandarazi zituena izatea aurpegiratu zioten; orduan, berak aitortu egin zuen zeharka eragindako mina, eta nolabait atsekabetu ere egin zen, lankideen hamaika irain eta erremuskadatara makurtu zelarik. Haietako bi meatzarik salatiaren heriotza erabaki behar izan zuten barrunbeko gorrotoa kanporatzeko, izan ere, aspaldian zeuden hura mendekatzeko gurarituta. Biek zentzuzko aste batez itxaron zuten eta ordurako, kontu handiz antolatuta zeukaten gaizki-esaleari jarriko zioten zelata. Euren ikuspegitik, hilketa nahi bezala gertatu zitzaien, gaizki-esalearen gorputz gainetik bagonetak igaroarazi zituzten berariaz, eta ondoren bagoneten gurpilen azpian hilda zegoela egiaztatu zuten. Hildako meatzariaren lankide borreroek egia beretzat gorde, eta inolaz ere, agerian ez uzteko elkarri zin egin zioten. Hitzemandako itunari esker inor ez zen heldu gertatu zenaz jabetzera, eraileek, lekuko bakarrak izaki, hildakoaren zabarkeriari egozten ziotelako errua. Gallarretan (Gallarta) albistea berehala hedatu zen, ustekabeko istripu baten ondorioz zendu zelakoan.

    —Kontxo!, urlia maniobrak harrapatu du lanean zebilela.

Eraileetako batek entzun zuenean, bere buruarekin hizketan hurrengoa oldoztu zuen:

“Maniobra, bai zera!, gure aurka ele gaiztoak barreiatzeagatik ez zuen gutxiagorik merezi.”

    —Lehenago harrapatu beharko zuen.— Esan zuen hilketan nahasia ez zegoen beste batek.

Oso meatzari gutxi ziren arestian azaldutako erailketa edo antzeko beste bidegabekerien ezaguera zutenak. Egileak atxilotzen ez zituztenez, Bizkaiko Meatzaldeko biztanleria horrelako jazoera gaitzesgarrien jakitetik urrun gelditzen zen. Oro har, meatzariek haien artean izandako gatazkak eta tirabirak konpontzerakoan, erailketa gauzatu ordez, nahiago zuten borrokaldien bidez oreka aurkitu. Arean bere, gaizki-esaleari lankideek ezartzen zioten zigorrak ere indarkeriarekin nahitaezko lotura zuen. Meatzean inor ez zen hunkiezina, norbait meatzarien jardunaz gaizki esaka ibilia zela jakiten zutenean, lankideek jipoi ederra ematen zioten, zauriturik lurrera jauzterainokoa, eta arduraduna beraiei joaten zitzaienean:

    —Zer gertatu zaio?— Galdetzen zien.

    —Oztopo egin eta muturrez aurrera erori da.— Erantzuten zion baten batek.

Aurpegia belzturik eta gerria mugitu ezinda zegoenak ez zuen esango lankideak izan zirela ukabilkadak eta ostikadak ematen, haiek hertsatu egiten zutelako hutsegitea birritan errepikatu ez zezan.

    —Azpisuge halakoa! Oraingoan elbarritu haugu, baina bihar agian ez duk bizirik jarraituko. Hobe duk egikarien kontaketa berria txintik ere atera gabe onartu, pikotxa hire paparrean sartzerik nahi ez baduk.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.