Komunitatea

Ian Sancho Linares

Txulok itzala utzi zuen nigan

Astelehena, 2015-02-02 | Ian Sancho Linares
 

Hamalaugarren urtebetetzearen biharamunean hasi nintzen ni Galdames udalerriko meatzaritzan lanean, abeltzaintza eta nekazaritzari atxikitako eginkizunak saihestu barik baina. Baserriko seme nagusiena izaki, eta beharrak eraginda, hirurotan gogor jardutea egokitu zitzaidan. Lehenengo bi urteak meatzariei eta harrizulatzaileei lana errazten igaro nituen, “pintxe” gisan. Adinez aurrera joan ahala, burdinaren ustiakuntza ahalegin eta denbora gehien eskatzen zidan diru iturri bilakatu zen. Horrez gain, goizero, lanera sartu baino bi ordu aurretik, artzain ibiltzen nintzen menditik etxeko artaldea bideratzen, gure alemaniar artzain-txakurra beti jagole nuelarik. Egia esateko, bizitza osoan ezagutu dudan txakurrik adimentsuena zen, eta aldi berean, lerdena; horregatik, “Txulo” izena jarri genion. Anaia gazteenak arratsaldero arestian aipatu artaldea zaintzen zuen, eta behinola, Txulo txakurrari makilada bat eman zion, gure ardi bati kosk egin omen ziolako. Geroztik, txakurrak anaiarekiko jarrera aldatu zuen, ez zuen berriro jabetzat hartuko. Anaiak aginduak eman, eta orak kasurik ez, hormarekin ari balitz bezala. Nirekin, ostera, betiko jokamoldea mantendu zuen, ni joaten nintzen leku guztietara Txulok lagundu egin nahi zidan, ukan nezakeen adiskiderik lehialena bihurtu zen. Lanegun orotako ohikeriari jarraituz, goizeko zortzietan lurrazpian barneratzen nintzen, Txulo lekuko zelarik, eta ni meatze-ahotik atera arte, arratsaldeko hiruretan hain zuzen, hurbil gelditzen zen begirale, biok batera etxera itzuli gintezen.

Hotza zela eta, ahotik lurruna zeridan egun batean zorigaiztoa gailendu zen, burdina garraiatze lanetan nenbilela, istripua izan bainuen luizi baten ondorioz. Beste lankide bat eta biok 35 metro inguruko altueratik erori ginen, meatzal trenbidearen lubakiaren amildegian behera pirritan. Trenbidera bultzatu gintuen 25 bat tona mea artean amaitu genuen, hanka bana apurtuta eta lurretik jaiki ezinik. Erreskatatzaileek gu geunden tokira ohatila bat baino eraman ez zutenez, lehentasuna zauritu larrienari eman zioten; hortaz, nire lankidea ohatilan etzanda herriraino eroatea erabaki zuten, hanka-hezurra bi aldetatik hautsi zitzaion eta. Ni, berriz, hanka alde bakar batetik apurtuta nuenez, zaldi baten gainean igo ninduten. Beste langile bat kalteturik neukan hankari ongi eusten zihoalarik, Galdameseko herribururaino heltzea lortu genuen, eta ondoren, anbulantzian erietxeko larrialdietara eraman ninduten denbora alferrik galdu gabe.

84 egun eman nituen ingresatuta Gurutzetako ospitalean, harik eta ondo sendatu arte. Gurasoak egunero joaten zitzaizkidan bisitan, baita emaztegaia ere. Ezkontza eguna zehaztuta geneukan, baina ezbehar horregatik atzeratu egin behar izan genuen. Gaixoaldian nengoela, aitak hurrengoa esan zidan:

    —Harritzekoa bada ere, txakurrak ez du etxera itzuli nahi.

    —Ez al da oraindik egongo meatzean nire zain?— Itaundu nion.

    —Halaxe da, bete-betean asmatu duzu.

    —Arrano-pola!, zaila egiten zait hori sinestea!— Erantsi nuen nik.

    —Beraren bila joaten garen bakoitzean, deitzen diogu baina ez digu jaramonik egiten.

“Elvira” meategiko sarreraren kanpoaldean hamabost egunez egon zen niri itxaroten. Bertara egunero amak janaria eramaten zion, eta, elkarrekin zeuden unea aprobetxatuz, txakurra etxeratu zedin konbentzitzen saiatzen zen. Ama hainbeste tematu zenez, azkenean txakurrak men egitea lortu zuen; edo agian, meatzetik irteten ez nintzenez, txakurrak berak ulertuko zuen nonbaitera joana nintzela.

Hamabost egun horien buruan etxean agertu zen Txulo, nire lagun zintzoa.

Senda-agiria eskuratu ostean, etxeraino heltzeko hiru garraiobide erabili nituen: autobusa, Larrainetako funikularra eta behorra, azken kilometroak gure sendiaren behorraren gainean eserita egin bainituen. Txulo txakurrak iristen ikusi ninduenean, amorruaren amorruz harrera bortitza egin zidan. Korrika, nireganako baldintzagabeko maitasunak asaldaturik, behorrari oldartu egin zitzaion ni kikiltzearren.

    “Lotsagabea halakoa! Non egon haiz? Aspaldi ez haut ikusi eta.” Adierazi nahiko balu bezala.

Ia ia lortu zuen ni behorretik erortzea.

Txulo txakurrarengandik aldendu behar izan nuen gure elkarrekiko loturaz konturatzeko.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.