Komunitatea

Txema Arinas

HONDARRAK – RUBEN SANCHEZ BAKAIKOA

Ostirala, 2020-02-14 | Txema Arinas
 

422px-Pessoacopo

Ruben Sánchez Bakaikoaren aurreneko nobela, Hondarrak, irakurri dut. Egia esanda birritan egin dut, besteak beste ikaragarri arin, xamur, atsegom leitzen baita. Izan ere, oso tentuz, mimoz idatzita dago, nabarmen baita oso egileak luze eta gogotik zaindu/txukundu/borobildu egin duela. Alde horretatik, irakurterraza bainoago oso dotorea begitandu zait Ondarrak, irakurtzen pilo bat goxatu dut hizkera benetan goxoa eta aberatsa erabili duelako Rubenek. Euskararen aldetik, beraz, eta euskaltzaina ez naizenez gero, ezin zaiolakoan nago inolako erraparorik jarri lehenengo lana izanda ere. Gainera ezin dut. Orokorrean badago oso gauza berezi edo xelebre bat, irakurri ahala suertatu egin zaidana, oso gutxitan suertatzen zaidana bestalde: liburuaren azkenenkoa aurrenekoa baino hamaika bider gehiago asebete egin nauena. Bitxia, bai, zeren normalean, liburu gehienekin egia esanda, guztiz alderantziz suertatzen baitzait. Badaude bi istorio edo ildo narratibo nagusi; Uxuekoa da gehien erakarri nauena literarioki, bada idazlearen aldetik xamurrena duda izpirik gabe, ageri baita hori memoria berreskuratze ariketa handi eta hunkigarri bat dagoela. Eta egia da hasieratik oso atsegina eta batik bat interesgarria egiten direla Uxue eta inguruko gauzak, familia artekoak, herriko auzokoen arteakoak eta batez ere gerra aurreko, mineko eta osteko gorabeherak. Halere, hain txukun, xamur eta doi kontatua dago, ezen irakurri ahala nolabaiteko tentu narratiboa ere falta zaiola sumatzen hasi naizen. Esan nahi dut Uxuekoan, eta beharbada hein handi batean hainbat harkadetan zehar kontaturiko istorio korala delako, hau da, pertsonaiak etengabe agertu-desagertzen direla, pertsonaiak espero bezain ondo bereizten ez direla, hau da, maiz, baina ez beti, oso azaletik aurkeztuak agertzen direla, batez ere bakoitzaren ezaugarri zein gorabehera pertsonalei dagokienez. Edonola ere, hori da Uxuekoarena aurrera joan ahala begitandu zaidana; hasieran oso goxoa egiten zitzaidan; baina, azkenean nolabaiteko kutsu antropologikoegi bat igarri diot narrazioaren kalterako. Edo bestela esanda, amaiera aldera Uxuekoa apurtxo bat errepikakorra egiten zitzaidan garai berriak jorratuta ere. Halere, hori da inpresio huts bat hain segituan irakurri izanagatik edo. Baliteke ere Uxuekoak holakoa behar izatea ezinbestez, memoriaz ari baikara, hots, narratzailearen oroitzapenez, inondik inora narratiboegiak izan behar ez dutenak, oroimenaren –narratzaile asmatuarenak zein bere ingurukoenak- ziztada sentiberak bezain lausoak, hau da, oroitzapenak iturri direnez narrazioa ezin zen izan, nik behintzat holaxe gustuko dudalako behintzat, espero bezain “faulkertarra” edo. Laburbilduz, istorioaren funtsa gomutagarria da, ez berez kontagarri garbi-garbia, eta hori, jakina, idazlearen erabaki guztiz errespetagarria da.

Tuparekikoa, hau da, espetxeko istorioa, hau baita funtsean “kartzela nobela” da, arras indartsuagoa begitandu zait narrazio literarioaren aldetik, dudarik ez. Pertsonaia goitik behera eraikia dago, ardatza da funtsez. Halere, hemen aitortu beharrean nago Tuparen eraikuntza literarioa bezain politiko/ideologikoa izanda, niri behintzat izugarri kostatu egin zaidala berarekin taxuzko enpatiarik izatea, sinpatia ezinezkoa baitzait printzipioz; nik berak defenditzen dituen oinarri ideologikoekin bat egiten ez baitut, ez behintzat ETA(m)k gainontzeko euskal hiritarroi indarrez, nahitaez, inposatu nahi izan digun proiektuari dagokionez. Hala eta guztiz ere, nik uste dut ekinaren ekinez gauza izan naizela nik bezala pentsatzen edo zerikusirik ez duen pertsonai literario batekin gutxieneko enpatiarik izateko. Gauzak horrela, eta delako Tuparen gorabeheren harira, hots, orrialdeak pasa ahala, galdera berbera egiten nion etengabean nire buruari: -Eta hi nola, zer dela eta, benetan, ETAn sartu hintzen? Hori baitzen irakurle gisa, eta batez ere Tuparena ulertze aldera, gehien interesatzen zitzaidana. Hain zuzen ere, 252 orrialdean Tuparen amak berak bere semeari egiten diona. Bertantxe antzaldatzen zait istorioa, errelatoa, niri. Bertantxe dena borobiltzen da, osatzen da, hau da, aurreneko aldiz zentzua topatu diot istorio osoari.

Ez dut premiazkoa Tuparen berba edo argudioekin bat egin behar; baina, pertsonaia bere onean kokatzen hasi ahal izan naizelakoan nago. Ordura arte, ordea, kartzelan zegoen etarra baten bizipinen aurrean nengoen bakar-bakarrik, txukun-txukun kontatuak, oso ondo idatziak, batik bat elkarrizketa arin eta goxoen bitartez; baina, benetako gogoeta etiko-pertsonalik gabekoak, gehien jota gogoeta politikoak edo bere senitarteko zein adiskideen ingurukoari zegozkionak. Labur esanda, argi et garbi esanda, gordin-gordin gura baduzue, baina inolako destainazkorik gabe; ordura arte, eta Tubarekikoari dagokionez bederen, Txalapartak propio argitaratzeko istorio bat begitantzen zitzaidan, hots, “lubaki” nobela bat lubakikoentzat. Halere, Tuba kalera irtendakoan, Gasteiza itzultzen denez geroztik, dena aldatzen da erabat. Izan ere, Tuparena zein Uxuekoa txandakatzea Esker Abertzalearen lelo ideologiko bati egozten nion ia oharkabean: Gerra Zibilekoak zein Frankismoaren zapalkuntzak ETAren borroka armatua nolabait zuritzen edo ondorioztatzen zutena. Lelo ezin faltsuagoa Frankismoaren zapalkuntza Espainia osoan suertatu baitzen. Areago, badaude Espainia barruan Euskal Herriak milaka aldiz gehiago Frankismoaren mendean pairatu behar zuten lurraldeak, besteak beste Asturias aldean bertan, non delako zapalkuntza 34ean hasi, 36ean biziagotu eta gerra ostean oso berandu arte errukigabe luzatu zen, makiak zirela eta. Ez dakit horrelakoxea den benetan Ruben Sánchez Bakaikoaren liburuan, susmoa dut aldiz, ezin dut jakin, baina ulertu behar zait behinik-behinik eskarmentuagatik. Edonola ere, 252 orrialderaino helduta berehalaxe asmatu, gogoeta egin, gogoan erabili nuen zer dela eta Rubenek ez ote duen liburua hemendik aurrera hasi. Zein bestelakoa izango zatekeen liburuan, garaiak eta istorioak nahastuz, txandakatuz, benetako hasiera lagun batekin izandako elkarrizketa hau abiapuntu izan balitz:

-Eta hi nola sartu hintzen ETAn?

-Ezin didak “kaixo”, “arratsalde on” edo holako zerbait esan?

-Barka beza berorrek.

-Etengabe galdetzen dizkidak gauza berdinak.

-Erreparatu gabeko ńabarduraren bat ea agertzen den.

-Dantzan hasi ginenean ez gintuan etorriko zer den-denaren jakitun, baina ez gintuan inozoak ere. Iraultzarekin maitendu gintuan; ez zegoean ikasketarik, literaturarik, musikarik iraultzak beste grina pizte zigunik.

-Zergatik hitz egiten duk guka?

-Ba, kuadrillaka eta bandoka ibiltzen ginelako, gure kuadrillakoak miliak gintuan, eta hala sartu gintuan ETAn. Gure kuadrillatik, eta lagun genuen beste kuadrilla batetik, ETAren bi talde osatu genitian Gasteizen -eta artean kantatzen hasi zen: Galtzailea nork mendekatuko? Zaurituekin elkartuz, guk zaurituek, zapalduek zu zaitugu mendekatuko.

-Eta kito? Hurrengo egunean hiltzaile batzuk “zarete”?

-Zurrubilo bat zuan, denak ala inor ez, dena ala ezer ez. Bakarka ezin da, fusilak ala kateak… Baina inoiz ez nian pentsatu hi bezalako bat hiltzea.

-Ni bezalako?

-Gatazkarekin zerikusirik ez zuen persona bat.

-“Besteak” hiltzea zilegi al zen, ba?

-Melitón Manzanas eta hi ez duk gauza bera! Hau gerra bat zuan, gerra txikia nahi baduk, baina gerra.

-Gerra? Zuen gerra zuan, baina ez gerra bat.

-Ados, “gure” gerra, orduan. Ezin genian eraman gauean ohera sartu zen franquista, biharamunean demokrata esnatzea, errudunik gabeko amesgaizto bat izan balitz bezala: epaileak, poliziak, armada, politikariak, enpresriak, eliza katolikoa… Trantsizioaren mirariaz denak demokratak.

-Eta zer egin behar zenuten, denak hil?

-Guk espero genian matxinada handi bat etortzea. Kalean indarra zegoean, manifak…

-Zuek oso endogamikoak izan zarete beti, jende normal gehienok paso egiten genian.

-Ziurrenik bat, demokraziaren festa hasi zuan, titiak telebistan, drogak, rocka, boto eskubidea… Antifaxista asko ere demokrata erdi-amnesiko bihurtu zuan, eta komunista batzuk monarkiko juancarlistak.

-Edo ez.

Hondarrak – Ruben Sánchez Bakaikoa

 

Berriro diot,Ruben Sánchez Bakaikoaren nobela 252 orrialdetik atzera edo hasi ezkero dena goitik behera eraldatuko zen, lehenago idatzitako ezer aldatzeke, dena primeran idatzia dagoelako. Eta hala eta guztiz ere, “lubaki” zehatz batetik etorritako testigantza izaten jarraituko luke; baina, egia esanda, testigantza literarioki zinez borobil eta duina nire aburuz, protagonistarekin zein bere ideologiarekin bat egiteko inolako premiarik izan gabe, enpatizatu bezainbeste. Edonola ere, egiatan irakurtzea merezi duen liburu benetan mardul, mamitsu, zirraragarri bat.

 

Txema Arinas

Oviedon, 2020/02/14

 


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.