Komunitatea

Txema Arinas

IHAUTERIAK/(H)ARATOSTEAK/KARNABALAK, HAINBAT ZERTZELADA

Ostirala, 2020-02-07 | Txema Arinas
 

66265164_2140788042710680_7451432435067125760_n

Atorrak, Markitos, Kotilungorriak, Zamaltzain, Erraldoitxoa, Hartza, Mamoxarroak, Ziripit eta Miel Otxin, Joaldunak, Zakuzaharrak, Momotxorroak, Kaskaboboak eta abar eta abar. Emango luke euskaldunek euren buruak mozorratzea oso atsegin dutela, bai. Halere, beldur naiz gustokoen dituzten mozorroak oso bestelakoak diren, eta ez gorputzak mozorratzeko hain zuzen, euren buruak baizik: inor baino aurrerakoiagoak", " inor baino solidarioagoak", "inor baino esku/buruzabalagoak", "inor baino jatorragoak", "inor baino serio eta beharginagoak", "inor baino ausarta eta zintzoagoak", "benetako euskaltzaleak"...

 

Nire bi semeen eskolako ihauteriak/(h)aratosteak (aurrena batuerazkoa dela ondo asko jakinda ere, niri guztiz atseginagoa, gertuagoa, borobilagoa, esanguratsuagoa, begitantzen zait "(h)aratoste" berba, "haragi-oste"). Edonola ere, urteroko burrunba sumingarria, koinazo handia, ederra gainera, batik bat bozgorailuetako musikari dagokionez, zatarregia, gogaikarriegia nire belarri finetarako, hiru orduko oinaze aparta, benetan diot. Nire haurrak urtero bezala ere bikain. Beharko, nireak dira eta. Aurten ordea badirudi zertxobait prestatuta zutela ohol gainean antzezte aldera. Horrenbestez, bi ikaslek aurkezpen lanak egin dituzte gainerakoek antzeztekoa zutena azalduz textu baten bidez. Bi ikasleok testua gazteleraz eta... ingelesez ere irakurri dute jendaurrean. Bai, ingelesez bertan bilduta geunden ikasle, irakasle eta gurasoenetariko inork tutik ere gal ez zezan badaezpada, ondo asko baitakigu ingelesa Oviedon eguneroko hizkuntza dela guraso eta seme-alaben artean... Asturieraz aldiz tutik ere ez, asturiera ondo baino hobeto badakigulako baserritar ezjakinen hizkuntza dela, hau da, bertan bildutako gurasoen herenaren eguneroko hizkera gutxi gora behera, arlote hutsak Asturiaseko Hezkuntza Saileko arduradunen begietara edo. Ingelesa ordea bai, erakutsi behar baitute zer nolako eskola aurreratua, modernoa, kosmopolita den, nahiz eta egiatan eta oraingoz elebiduna ez izan, jakina; baina itxurak beti lehentasun, badaezpada, inork pentsa ez dezan gu kosmopaletoak ez garenik... barkatu, kosmopolitak, horixe. Eta halako gauzoi "normalak" deritzote bertoko asko eta askok. Izan ere, normala ez dena, batere ez gainera, Euskaldin edo Catalunian suertatzen dena bertako hizkuntza kaskar eta ziztrinen inposaketa zitalaz, hori betiere nazionalista gaiztoen eginkizuna omen da.

 

(H)aratosteak... Urte osoan zain gogotik gaiztoa izateko irrikitan, haurrak uxatzeko, atsoak izutzeko, gazteak astintzeko, nire burua bera iraultzeko, okela gustokoen dudala ozen-ozen aldarrikatzeko, futbola maite dudala esateko, besarkadak eta nire hurkoak ez direnei musuak ematen gorrotatzen dudala abisatzeko, zaborra bereizten ez dudala aitortzeko, txiza zutik egiten dudala ere ozen esateko, auskalo zer gehiago..! Gero bai, ihauteri aroa pasa eta gero herritar otzan eta onbera bat izatera itzuliko naiz, zin dagit.

 

Zalduondo, Arabako Ekialdeko Lautadako herrixka, 200 biztanle, galsoroak, patatasoroak, larre eta zelaiak, ez besterik; baina ezta nolanahikoa, ez, bertan Lazarragatarren adar aberats batek bere oinetxea zuen, "Palacio de los Gizones" delakoa, bertan Celedon mozkorrontzi parrandazale famatua jaio zen, bertan du Atxagak bere etxea, bertan ere nabarmendu zen urtetan alkate txit karismatiko bat eta badirudi gaur egungoa ere ez dela gutxiago haren aldean. Hortaz, ez nau batere harritu -inguruko beste herrixka batekoa izan balitz aldiz bai, dexente- gaurko albiste xelebre honek:

 "Zalduondoko Udalak eten egin du kontratua Iberdrolarekin Garoņa irekitzeko eskatuz "irabaziak pertsonen segurtasunaren gainetik" jartzea leporatu dio Fernandez Villate alkateak Iberdrolari. Araba Garoņarik Gabe plataformak zentrala irekitzearen aurkako neurriak eskatu dizkie instituzioei."

 

Elkarrekin egon nahi ez dutenek ez lukete egon behar, noski; baina gero gerokoak, elkarbizitzaren kateak hots, maite duzun horrekiko betekizunak. Halere, merezi al du, ba al du zentzurik, batere estimatzen ez zaituzten edota etengabe, eta betiere debalde, berenezkoa dutelako, eta batez ere edozein huskeriaren kontura, nahigabetzen/iraintzen/aztoratzen zaituztenon mahai inguruan esertzeak? Ez al da bizitza alperrik galtzeko oso modu negargarria euren ondoan nahi ez zaituztenokin inolako gizalegerik saiatzea? Noraino pairatu behar duzu "honaino iritsi gara" esan aurretik? Eta, batez ere, zer arraio egiten duzu zuk zoro arrotz batzuen mahai inguruan eserita euren haratoste odoltsuaren lekuko behartua zein behin behineko harrapakina/biktima izateaz gain?

 


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.