Sinadurak

Hil honetan amaituko da Agustin Zubikarai sarira lanak aurkezteko epea

Astelehena, 2020-09-07

Urtero legez, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak Agustin Zubikarai saria antolatu dute, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz. Aurten, gainera, hogeigarren edizioa dute. Sari honek nobelak sortzeko beka gisa funtzionatuko du: interesa dutenek hilaren 30era arte aurkez dezakete beren proposamenak. Jarraian bildu ditugu sariaren oinarriak.

Igandean abiatuko da Eztena jaialdia

Ostirala, 2020-09-04

Irailaren 6an abiatuko da Errenteria/Oreretako Eztena arte eszenikoen jaialdia, eta irailaren 12a arte iraungo du. Bertan euskal teatroko antzerki motarik "arriskatuenei" erakusleihoa eskainiko diete antolatzaileek. Igande honetan Gasteizko Tripak kolektiboaren Urruna antzezlana izango da ikusi ahal izango den lehenengo lana.

Unisonoa: hitza, soinua eta esanahia elkartzen dituen lerroa

Osteguna, 2020-09-03

Unisonoa izeneko lana kaleratu du Ixiar Rozasek, Pamiela etxearen eskutik; atzo aurkeztu zuen prentsaren aurrean, Kaxilda liburu-dendan. Bi formadun lana da: lerro bakarreko poesia liburua, eta material sonoroa. Hitzaren, soinuaren eta ahotsaren inguruko esperimentazioaren ondorioa da lana, elkarlanean osatua.

Poesia orduak Donostian, irailaren 7an eta 9an

Asteazkena, 2020-09-02

Aurten ere Poesia Orduak ekimena antolatu dute Donostia Kulturka eta Euskal Idazleen Elkarteak. Bi errezitaldi izango dira protagonista: hilaren 7an Hain zara eder eta hilaren 9an Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe. Biak ala biak Victoria Eugenia Cluben izango dira. Bi emanaldiak estreinaldiak izango dira.

Aireportuko musika kaleratu du Luis Gardek, botere-kinkei buruzko thriller politikoa

Asteartea, 2020-09-01

Koronabirusaren egoerak berekin ekarri du udaberriko nobedadeen bolada inoiz baino gehiago luzatzea, eta uztaila amaitzear zela aurkeztu zuen Luis Gardek bere nobela berria: Aireportuko musika. Pamiela etxearen eskutik kaleratu du lana, bere ibilbideko bigarren nobela. Etorkizun hurbilean kokatu du, 2029. urtean, eta politikari nafar baten bahiketaren haritik garatuko da eleberriaren muina. Botereari buruz gogoetatu du, besteak beste.