Sinadurak

Alexander Martinezen testu berria: "Hormigoia, plastikoa, kartoia"

Astelehena, 2019-06-03

Oharra: Iraume Euskal Herriko metropoli nagusia dugu, gertu eduki arren ezezaguna zaiguna. Hilean behin kolaboratzaile ezberdin batekin aterako naiz Iraumetik paseoan, eta bien arteko elkarlana izango da artikulua. Hilabete honetan Pau Gabarra (@pgabarra) arkitektoa izango dugu bidelagun, bere ideia, hausnarketa eta marrazkiekin ornituz jardunaldia.

@Iraumetik

Hormigoia, plastikoa, kartoia

Leku eta eraikin ezagun ugari daude Iraumen, eta dudarik gabe kale nagusia da horien artean ezagunena, oinezkoentzat soilik bideratutako kale luzeena bai da Europan. Kilometroak eta kilometroak, orduak eta orduak, egin ditzakezu kalean zehar oinez, autoen klaxonik entzun beharrik gabe, semaforo eta zebrabideetan itxaron beharrik gabe, jendez gainezka dago egunero.

Kuriosoa da, kalea ibiaren paraleloan baitoa, eta ibaiak ere baduelako kale nagusia bezain luzea den ibilaldia, baina ez duzue apenas inor aurkituko han paseoan. Bata bestearen alboan, errekaren soinua eta belarraren usaina du batek, asfaltoaren gogortasuna eta erakusleihoen koloreak besteak. Kuriosoa da, baina probintzi osotik dator jendea kale nagusitik ibiltzera, naturaz inguraturiko herrietatik, ehunka kilometro mendi ibilaldietan dituzten herrietatik, autorik gabeko ibilaldia eskaintzen duen hiriaren bila. Eta badakit Euskal Herri osoan errepikatzen den fenomenoa dela hau, merkatalguneetan adibidez, joan zaitezte edozein egunean eta ikusi zenbat jende dabilen, besterik gabe, paseoan, denden musika monotono eta merkealdi kartelen koloreak sorgindurik.

Zaila zait hau ulertzea. Ez dakit zaila zaidan, edo atsekabeak itsuturik nabilen. Kale nagusiko terraza batean nago, jendearen joan etorriei begira, nire buruari galdezka, hau al da gure bizilekua, gure habitata? Zergatik konformatu sasi-ingurune honekin?

Begira nabil eta ezin ulertu, ezin ulertu nola egin dezakeen irribarre emakume hark, arin-arin dabilena kalean zehar, azkar doa baina aurpegiak presarik ez duela dio, mugikorretik ari da hizketan eta beste eskuan zigarreta darabil gora eta behera, enpresari garrantzitsu bat dela esango nuke. Oso ezberdina dirudi bere albotik pasa den beste emakume hura, alaba daramana eskutik helduta, ezberdina baina antzekoa aldi berean, bi mundu ezberdinekoak direla dirudien arren biak baitabiltza kale berean, biak daude irribarrez. Zeren amaren eskutik helduta doan haurra ere kontent dabil, opari bila dabiltzalako akaso, anaiari, aitonari, beste amari edo lagunari emateko, arratsaldean marrazki bat egingo dio baina oparitxoa ere erosiko dio, beti egiten du ilusioa oparitxoak irekitzea. Neskatoa algaraka hasi da pailazoa hurbildu zaionean, zakur formako puxika jasotzerakoan, pailazoaren ahoan marraztutako irribarreak begiradaren tristura estaltzen saiatzen da, eskua luzatuko dio emakumeari eta jasotako txanpona azkar gorde, gazte taldetxo bat agertzen ikusi duelako. Baina gazteek kasu gutxi egingo diote, arratsalde osoa daramate kalean gora eta behera, adin bereko beste gazte taldeekin gurutzatzerakoan barretxoak ezkutatuz, goxoki dendan erositako litxarreriak gozatuz, dendetako wifia aprobetxatu eta Internetera argazkiak igoz. Zein ezberdina zen gure garaian, diote bankuan eseritako jubilatu biek, zeren lehen ez zeuden horrenbeste denda, herrikoen tailer pare bat apenas, lehen kale lasai eta atsegina zela diote, lehen ez zebilela horrenbeste jende, baina lehen beraiek ez zuten kalea erabiltzen, eta orain, dirudienez, bai. Buruaz agurtu dute obratik bueltan datorren langilea, ez da hiri honetakoa, ez kontinente honetakoa, lanetik etxerako bide laburrena ez izan arren egunero doa kale nagusitik, bere bakardadea txikitu eta bizirik sentitzen delako horrenbeste jenderen artean. Berari begira nabari du kafetegiko terrazan dagoen gaztea, idazten ari dena, koaderno berria estreinatzen, hipokrisiak baimendutako kruasan prefabrikatuari hozka emanez eta irribarre egingo du, atsekabea erakutsi nahi duen hausnarketa idazten ari delako baina aldi berean, sakonean, isilean, gozatzen ari delako bere habitata osatzen duen kristalezko oihan hartaz, asfaltozko bidexkaz, hormigoizko basoaz, plastikozko loreez, kartoizko animaliez.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)